«Gorroto diskurtsoak areagotzen ari dira»
Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako 27. Martxa egingo dute etzi, 11:30ean, Trintxerpeko azokatik Alderdi Ederrera. 'Kurba arriskutsua' leloa aukeratu dute aurten, eta horren bidez, eskuin muturretik datozen gorroto diskurtsoak herritarren pentsamoldean errotzen ari direla nabarmendu eta salatu nahi dute.
Zeintzuk dira Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako 27. Martxako aldarrikapen nagusiak?
Aurten, gorroto diskurtsoetan jarri dugu arreta gehien, izan ere, zoritxarrez, gero eta indar gehiago hartzen ari dira. Gehienbat, eskuin eta ezker muturretatik datoz gorroto diskurtso horiek, eta gero eta gehiago ari dira errotzen jendearen pentsamoldean. Horrek arazo asko sortzen ditu gure gizartean, orokorrean.
Zein da aurtengo leloa?
Aurtengo leloa Kurba arriskutsua da. Usandizaga institutuko Diseinu Grafikoko ikasleek egin dute kanpaina, eta trafiko seinaleetan oinarritu dira. Kartelean eskuinerantz doan gezi bat jarri dute, kurba arriskutsu hori irudikatuz. Horrekin adierazi nahi izan dugu kontuan izan behar dugula eskuin muturreko diskurtso horiek nola ari diren areagotzen gure artean.
Zenbat eragilek egin dute bat aurtengo martxarekin?
Aurten, 45 eragile adiskidetu dira martxarekin. Horrez gain, SOS Arrazakeria, Medicus Mundi eta GKEen Koordinakundea aritu gara antolakuntza lanetan.
Nolakoa da arrazakeriaren egoera Donostian?
Une honetan datu zehatzik ez daukagu, txostena prestatzen ari garelako. Baina Espainiako Estatuan, gorroto delituak %33 igo ziren 2023an. Donostian ere tentsio egoera areagotzen ari da, gero eta pertsona migratzaile gehiago ari direlako iristen. Horrek ere eragiten du jendeak beraien inguruko ideia negatiboak izatea, azkenean, kale egoeran daudelako eta jendeak ez duelako pentsamendu kritikoa hainbat gauza ulertzeko. Horrek tentsioa sortzen du auzoetan, eta egoera nahiko konplikatua bihurtzen ari da. Kale egoeran egoteak tentsioa dakar berarekin? Guk ulertzen dugu ez dela egoera osasuntsu bat. Mutiko gazte hauen (gehienak mutiko gazteak direlako) egoera ez da oso erraza. Kale egoeran daude, eta horrek, askotan, kontsumoari lotutako bizitza bat izatera eramaten ditu. Gure bulegoa Egian dago, eta ikusten dugu nolako tentsioak sortzen diren. Bizilagun batzuek errua ez dutenari botatzen diote, eta beharrezkoa da gorroto hori areagotu ordez, pentsatzea nola konpondu dezakegun hau. Beraiengana joan eta oihuka hasi beharrean, beste modu batera konpondu behar ditugu gauzak. Ez da erraza, ulertzen dugulako bizilagunak ere hainbat jarrerekin kokoteraino egotea; guk ere ez ditugu hainbat jarrera onartzen eta justifikatzen.
Donostiako egoera eta Gipuzkoakoa oso desberdinak al dira?
Donostia Gipuzkoako hiriburua da, eta hor dago Irun ere, Frantziako Estatuarekin mugan. Donostiak tren eta autobus geltokiak ditu, eta hainbat faktore daude jende gehiago hona etortzea eragiten dutenak. Hiri handi bat izanda, jendeak pentsatzen du aukera gehiago izango dituela, nahiz eta errealitatean guztiz horrela ez izan. Hiri handi bat izateak ez du nahi esan etxebizitza bat lortzeko aukera gehiago izango dituzunik, adibidez. Bestalde, erregularizazioa lortu ahal izateko instituzio gehienak hemen daude, eta horrek ere eragiten du Donostian jende gehiago egotea. Ordea, adin txikiko migranteak etortzen badira, herrietako tutoretzapeko etxeetara joaten dira, Tolosara adibidez, hemen oso konplikatua delako leku bat lortzea.
Instituzioak egoera errazteko laguntzak emateko prest daude?
Guk Donostiako Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hainbat proiektu ditugu, eta harremanetan egoten gara beraiekin. Baina egia da arrazakeriari eta xenofobiari aurre egiteko baliabide gehiago behar direla. Donostian 300 pertsona baino gehiago daude kale egoeran, eta zenbaki hori, murrizten baino, handitzen ari da. Instituzioen betebeharra da pertsona horien oinarrizko eskubideak bermatzea, eta gaur egun ez dira hori betetzen ari. Adibidez, La Sirena aterpetxea Euskalmetek izozte arriskua dagoela esaten duenean soilik zabaltzen dute, nahiz eta hotz handia egin. Horrek ez du zentzurik.
Igandean, martxaz gain, beste zerbait egingo duzue?
Bai. Igandean Genozidioaren Aurkako Martxa ere egingo dute, eta beraiekin adostasun batera iritsi ginen ordutegiak zehazteko. Lehenengo gurea izango da, 11:00etan, eta 12:30ean beraiena; horrela, jendeak bi martxetara joateko aukera izango du.
Usandizaga institutuko Diseinu Grafikoko ikasleek diseinatu dute Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako 27. Martxako Kurba arriskutsua kanpaina, eta Arantxa Garin ikasleak azaldu duenez, «gizartea eskuinerantz hartzen ari den bide hori zuzentzea» da kanpainaren helburua.
Gizartea «kurba arriskutsu» batean sartzen ari dela irudikatzeko, trafiko seinaleak hartu dituzte oinarri, eta hainbat abisu eta aholku sortu dituzte. «Seinaleen berezko esanahia kontuan hartuta, guk irudikatu dugu kasu honetan zein esanahi izango lukeen», azaldu du Garinek.
Kanpaina diseinatzeko prozesuak bi atal izan dituela nabarmendu du: «Hasieran, ideiak botatzen aritu ginen, eta ideia horiek nola garatu zitezkeen pentsatzen. Taldeka antolatu ginen, eta hainbat ideia atera ziren. Ondoren, SOS Arrazakeriakoek esan ziguten eskuineko bira horrek eta seinaleek bat egiten zutela beraiek aurten zabaldu nahi zuten mezuarekin; inongo alderdi politikorik aipatu gabe eta fokua pertsonengan jarriz. Beraz, bigarren fasean, ideia hori garatzen joan ginen».
Horrela, kartelaz gain, eskuorriak, martxarako kartoizko seinaleak eta sare sozialetan zabaltzeko seinaleak eta irudiak prestatu dituzte, hamasei bat ikaskideren artean. Garinen hitzetan, Diseinu Grafikoko ikasleak «gustura» aritu dira proiektu honetan lanean. «Ideiak plazaratzerakoan, jendeak aldarrikapenak egin zituen, eta uste dut badela gai bat denok modu batera edo bestera kezkatzen gaituena», nabarmendu du.
Igandean, Usandizagako ikasleek ere martxan parte hartuko dute, «egindako lana ikusteko» eta euren babesa adierazteko.