Hizkuntza gutxituen harrotasunak bultzatuta
Lauaizeta ikastolako gazteak Europako hizkuntza gutxituak hauspotzeko egitasmo baten parte izan dira. Identitatea eta kultura oinarri, Finlandian, Errumanian eta Italian egin dituzte egonaldiak, beste ikasle batzuen testuingurua ezagutzeko. Orain, ordea, etxean jasoko dituzte hango ikasleak, eta Korrika izango dute topagune.

Tipi-tapa, iritsi da 23. Korrika. Atzo abiatu zen Irundik, eta datozen hamar egunetan, Euskal Herriko txoko guztiak bustiko ditu euskararen uholdeak. Ohi bezala, euskaltzaleek ez dute hutsik egin eta jendetza batzea espero da datozen egunetan ere. Euskararen aldeko egitasmoan euskaldunek hartzen dute parte, nagusiki, baina aurten Lemiko (Finlandia), Transilvaniako (Hungaria) eta Puglia (Italia) gaztetxoak ere arituko dira oinkada luzeak ematen, Donostiako ikasleen konpainian.
Oso bestelako jatorria duten arren, korrikalari taldea osatuko duten nerabeek badute berezitasun bat komunean: kasik elebidunak dira denak, eta euren jaioterriko hizkuntzetako bat gutxitua da. Ezaugarri hori aintzat hartuta hasi ziren, hain zuzen, POOL proiektuan (gure hizkuntzaz harro, ingelesezko sigletan). Bi urteko programa horrek Europako lau eskola batu ditu askotariko hizkuntza-errealitateak bizi dituzten gazteak elkartu eta esperientzia horietaz elikatzeko.
Lauaizeta ikastolako irakasle da Amaia Eizagirre, eta proiektuaren berri jakin zuenetik, «oso beharrezkoa» ikusi zuen hura aurrera ateratzea. Hala, eskola askorekin jarri zen harremanetan, bazkideak lortu eta «ikasleentzako esperientzia aberasgarria lortzeko». Hara eta hona ibili ostean, lau kidek osatu zuten taldea: Transilvaniako (Errumania) Szekely Miko Kollegium, Finlandiako Lemin Koulukeskus, Italiako Istituto Tecnico G. Deledda eta Donostiako Lauaizeta ikastola.
«Ingelesa gainditzea zen irizpide bakarra. Hortik aurrera, zozketa egin genuen eta zerrendako zenbakiaren arabera, Italia, Finlandia edo Transilvaniara joan ziren»
Amaia Eizagirre, Lauaizeta ikastolako irakaslea
Intxaurrondoko institutuko hirugarren eta laugarren mailako 24 ikaslek hartu dute parte, orotara. Gazteak kide dituzten eskoletan aritu dira lehenik, eta gertutik ezagutu dute hango hizkuntza, kultura eta identitatearen testuingurua: «Ingelesa gainditzea zen irizpide bakarra. Hortik aurrera, zozketa egin genuen eta zerrendako zenbakiaren arabera, Italia, Finlandia edo Transilvaniara joan ziren», azaldu du Eizagirrek.
Irakasleak dioenez, askotariko errealitateak ikusi dituzte, eta euskararen osasunarekin alderatzeko ere bide eman die: «Transilvanian, esaterako, hungariarrak sentitzen dira, Errumanian dauden arren, eta eskola guztiak hungarieraz eskaintzen dituzte. Puglian, berriz, griko hizkuntza dute, baina bertako ikasleek ez dute apenas ezagutzen, eta galtzear dago», azaldu du Eizagirrek.
Ikasleek eTwinning hezkuntza plataforma erabili dute elkarren artean ezagutu eta beste herrialdeetako hizkuntzen eta kulturen berezitasunak (herri kirolak, dantzak, festak eta gastronomia) ezagutzeko. Era berean, aldizkari digitala, hiztegia eta jolas interaktibo bana sortu dute,elkarren arteko ezagutza prozesua errazteko asmotan.
Gainerako hiru ikastetxeetan egon ostean, datorren asteko topaketa izango dute azkena. Oraingo honetan, baina, bisitari izatetik, anfitrioi papera egokitu zaie: «Etxe trukaketa egin dutenetatik asko iaz elkartu ziren azken aldiz, eta lagunak ikusteko irrikaz daude», dio Eizagirrek.
Urduri bezain gogotsu, askotariko jardueraz fintzen pasatu dituzte azken egunak. «Euskal kultura ahalik eta garbien helaraztea da gure helburua eta, horretarako, gida lanetan ibiliko dira gure ikasleak».
Adierazi duenez, halaber, bidaia guztietan izan ohi dute kultura ospatzeko egun seinalatua, eta, gurean, Korrika hartu dute aitzakiatzat: «Transilvanian, hungariarren eguna ospatu genuen iazko martxoaren 15ean, eta, hemen, Korrikarekin bat egitea nahi genuen».
Jasoko dituzten hemeretzi ikasleetako askok hilaren 23a izango dute itzulera eguna. Hori horrela, parte hartzea aurreratzea erabaki dute: «Eskolako korrikaz harago, benetakoaz gozatzea nahi genuen eta, horregatik, Ondarroara joango gara asteazkenean, hango institutuarekin bat egiteko».
Halako egunetako esperientziak, denbora luzez gogoratuko dituztela jakinda, esperientziak ugaltzeko asmoa du Eizagirrek: «Ez da samurra halako proiektuak bultzatzea, baina ikasleentzako oso aberasgarria da». Orain, beste bi egitasmotan ari dira buru-belarri, eta aurrera begira, Reunion irletako eskola batekin identitatearen afera lantzea gustatuko litzaieke.