«Ondo pasatzeko egun bat antolatu nahi dugu»
Bederatzi urte pasatu dira Larratxoko Jai Batzordeak Korrikako lekukoa hartu zuen azkeneko alditik. Aurten, ordea, euskararen alde egiteko baliabideak dituztela azaldu du Naiara Crujeiras batzordeko kideak.

Korrikan parte hartuko du Larratxoko Jai Batzordeak, bederatzi urteko geldialdi baten ostean. Zergatik hainbesteko hutsunea?
Ez zegoen gure planetan hainbeste denbora itxarotea berriro Korrikan irteteko, baina diru kontuak direla medio, ezinezkoa egin zitzaigun. Aurten bai, ordea. Aurten baliabideak dauzkagu parte hartzeko. Jaiak nola joan direnaren araberakoak dira diru kontuak, urtero ez baitugu emaitza bera jasotzen. Azkeneko jaiak oso ondo joan ziren, jendetza batu zen Larratxon eta eguraldia ere gure alde egon zen. Oso ondo atera zen dena.
Korrikako iragarki bat ikusi nuen nik, eta batzordeko kideei komentatu nien, ea aurten zer edo zer egiteko intentziorik ba al zegoen. Baiezkoa jasotzean, informazioa eskatu genuen, eta kilometro bat erosi dugu. Aurtengo jaietako prestakuntzarekin bat egiten du Korrikak, eta topera gabiltza, dena prestatzen.
Nondik irtengo zarete? Zein kilometro da zuena?
Larratxo pasealekuan hartuko dugu lekukoa, Kutxa inguruan. Handik, lekukoa Iraleraino eramango dugu, gutxi gorabehera.
Guk ez dugu kilometroa aukeratzen. Larratxokoak garela esaten dugu, eta Korrikaren antolatzaileen eskuetan geratzen gara. Kontuan izaten dute, gure helbidea dutelako. Normalean helbide hori hartu eta distantziak kalkulatzen dituzte, gertuko kilometro bat egokitzeko.
«Korrikari eta euskarari laguntzeko aukera paregabea da lekukoa hartzea»
Egin duzue deialdirik?
Deialdia egiteko intentzioa daukagu. Ordutegiak ikusita, 22:30ak aldera pasatuko da Larratxotik, beraz, arratsaldean jolasen bat egitea pentsatu dugu, bereziki haurrentzat, auzokideak giroan sartu daitezen. Larratxoko plaza apainduko dugu eta petoak apaintzen ere ariko gara. Musika pixka bat ere jarriko dugu.
Zer suposatzen du zuentzat lekukoa hartzeak?
Poza, hainbeste urte eta gero. Korrikari eta euskarari laguntzeko aukera paregabea da, eta jendea animatzeko aitzakia on bat. Azken finean, jai batzordeak ez badu ezer antolatzen, jendea ez da giroan sartzen. Ondo pasatzeko egun bat antolatu nahi dugu. Gainera, Larratxoko jendea asko animatzen da, urte osoan zehar, antolatzen ditugun jarduera guztietan parte hartzera. Sarritan galdetzen digute ea zerbait antolatuko dugun.
Nola bizi izan duzue Korrika Larratxon? Nolakoa da giroa?
Nire lehen Korrika da jai batzordean nagoenetik; beraz, ez dakit zer egin izan duten. Normalean, Altzatik jaisten da edo Herreratik igotzen da Korrika. Jende asko egoten da, hortaz, eta giroa ere oso ona izaten da. Suposatzen dut, hainbeste urteren ostean, aurtengo giroa oraindik hobea izango dela. Gogoa dago, eta nabaritzen da taldean. Seguru jendea animatuko dela.