«Oso eskertuta gaude jendeak Korrikari ematen dion babesarengatik»
Martxoaren 23an pasatuko da 23. Korrika Donostiatik. Prestakuntzak lan handia dakarrela, baina emozioz beteriko ekintza dela azaldu du Aitziber Otegik, Donostiako Korrikako koordinatzaileak.
Nolakoa da Korrikaren prestaketa?
Nik Donostiako Korrikari buruz hitz egin dezaket, soilik. Beti dago arduradun edo koordinatzaile bat, kasu honetan ni, eta Korrika 2024an baldin bada, 2023ko apirila aldera Korrika nagusiaren Euskal Herriko ibilbidea zehaztuta dago dagoeneko. Guri Donostian dauzkagun kilometroak esaten dizkigute, eta bertako ibilbidea egiten dugu guk. Maiatzerako, eskualde bakoitzeko ibilbidea antolatuta dago, gutxi gorabehera. Azkeneko momentuko aldaketa batzuk ere izaten dira, noski.
Irailean edo urrian, hainbat konturekin hasten gara; mezuarekin, kasu. Nahiz eta Korrika martxoan edo apirilean izan, koordinatzaileak gure eskualdekoa antolatzen gabiltza ordurako, eta hilabetean behin elkartzen gara. Aurreko urteetako eragileak begiratzen hasten gara, zer egin izan den auzo bakoitzean, nola antolatu izan diren gauzak… Urtarrilean, eragileekin eta auzo batzordeekin harremanetan jartzen gara eta materiala ematen diegu. Korrika nagusirako, eragileei lehen gonbidapen gutuna bidaltzen diegu, eta, gero, gonbidapen irekia egiten da.
«Donostian, 140-150 inguru izango dira lekukoa hartuko duten eragileak»
Zenbat pertsonek hartzen dute parte antolakuntzan?
Donostian, hamabi auzo batzorde inguru daude. Horietako bakoitzean, batez beste, bost edo sei pertsona daude, bileretan. Euskaltegietan, irakasleez gain, jende gehiago dago laguntzen. Korrika Txikietan, eskolek antolatzen dituztenetan, irakasleak daude, gurasoak… Ez nintzateke ausartuko esatera zenbat jende dabilen atzetik. Oso eskertuta gaude jendeak Korrikari ematen dion babesarengatik eta erakusten duen interesarengatik.
Zenbat eragile edo pertsonek hartuko dute lekukoa aurten?
Euskal Herrian ez dakit, baina Donostian, 140-150 inguru izango dira. Familiak, kuadrillak, elkarteak, enpresak… Ez dugu inor kanpoan utzi nahi izaten, baina batzuetan ezinezkoa da, ditugun kilometroak ditugulako. Saiatzen gara, hala ere, parte hartu nahi duen jende guztia sartzen. Norbanakoren batek deitu izan du esateko Korrika batzorderen batean parte hartu nahi duela. Gehien ikusten dena lekukoa eramatearena da, baina badaude beste modu asko laguntzeko.
2022an izan zen pandemia ondorengo lehen Korrika, eta, gainera, Donostian bukatu zen. Nola gogoratzen duzu egun hura?
Ikaragarria. Ez dakit pandemiaren ondoren egiten zen lehen ekitaldi erraldoia izan zelako, jendea ere gogotsu zegoelako… Egia da Korrika gero eta dimentsio handiagoa hartzen ari dela. Gogoratzen dut 07:30ean autoan sartu nintzela Añorgan, eta negarrez hasi nintzela. Hainbeste jende zegoen leku guztietan… kontatzean ere hunkitu egiten naiz. Ibilbide guztia oilo-ipurdiarekin pasatu nuen, gure lana eskertu nahian zebilen jendearen erantzunarekin. Sarritan errepikatu genuen autoan: «Zertan ari gara, zer egin dugu, zer da hau». Hitz egin ezinik iritsi ginen Bulebarrera.
Nolakoa izango da Korrika Donostian aurten?
Euskara taldeak daude auzoetan, batzordeak, urtean zehar egitasmoak prestatzen dituztenak. Hauek dira, Korrika garaian, beren auzoetan zerbait prestatzeaz arduratzen direnak. Aurten, gainera, Korrika arratsaldez pasatzen denez, aukera ematen du goizetik giroan sartzeko. Bazkariak, jolasak… txarangak ere egongo direla badakigu. Lan handia egiten dute. Herriaren laguntzarik gabe ezinezkoa izango litzateke hau guztia.
Guri pena ematen digu auzoei protagonismo hori kentzea. Hortaz, euskaltegien arteko zerbait egiten dugu, gure ikasleei begira, agian ez direlako ausartzen auzo batzorde batean sartzera edo egitasmoren batean parte hartzera. Martxoaren 2rako jolas bat prestatu genuen guk, Parte Zaharrean zehar; hori izan da guk antolatutako jarduera bakarra.
«Gogoratzen dut 07:30etan autoan sartu nintzela Añorgan, eta negarrez hasi nintzela»
Zein da zuen lana Korrika Donostiatik pasatzen den egunean?
Kilometroak markatzea, leku zehatz batzuetan egotea, petoak banatzea… Egun gogorra izaten da guretzat, tentsio handikoa. Dena ondo ateratzea nahi dugu eta zerbait gaizki ateratzen bada, asko nabaritu ez dadin saiatzen gara. Korrika txiki gehienetan ere egoten gara, antolakuntzan. Aurten, hamazazpi Korrika Txiki eta bi Korrika Gazte daude. Gainera, guk ez ditugu euskaltegiko eskolak bertan behera uzten Korrika garaian, bi lanak uztartzen ditugu.
‘Harro Herri’ da aurtengo leloa. Sentitzen du AEK-k harrotasunik Korrika antolatzeagatik?
Azaldu nahi izan dugu harro egon behar dugula orain arte egindako guztiarekin, egiten ari garenarekin eta egingo dugunarekin. Harrotasunez aldarrikatu behar ditugula gure hizkuntza eskubideak, gure bizitzeko ohiturak… batez ere gaur egun gertatzen ari den guztiarekin. Niri aurtengoa asko gustatu zait, horregatik. Lelo positiboa da.
Instituzioei eskatu behar diegu hizkuntza politika ausartagoak egiteko, inbertsio gehiago egiteko… euskararen normalizazioa bizkortzeko, herritarren kontzientziazioan eta aktibazioan eragiteko. Horregatik harro gaude, baina ez gaude konforme, konplexurik gabe aurrera egin nahi badugu, euskara behar dugulako.
Jende askok hartzen du parte Euskal Herritik kanpo. Nola bizi duzue zuek hori?
Ikaragarria da. 39 Korrika daude munduan ziurtatuta, eta hamabost konfirmatzeke. Ezagun batek deitu zidan esanez Lesbosera zihoala Zaporeak proiektuarekin Korrika garaian, eta ea materialik emango geniekeen, han Korrika egiteko. Ez da Euskal Herrian soilik egiten den zerbait, hainbat dira Korrikak dituen ahizpak. 1980an hau egitea erabaki zutenek ikusiko balute, horiek bai egongo liratekeela harro.
«Instituzioei eskatu behar diegu hizkuntza politika ausartagoak egiteko»
Ze espektatiba dauzkazue aurtengo Korrikarako?
Egia esan, uste dugu Donostian bukatzen zelako eduki zuela arrakasta hori azkeneko Korrikak. Baina lekukoa hartu zuten eragile gehienek errepikatuko dute aurten, eta jende berria ere sartu da. Hortaz, konturatu gara arrakasta ez zela izan bukaerarengatik soilik, gero eta jende gehiagok parte hartu nahi duela ikusi dugu. Badago lekukoa eramatea oparituko duenik, hainbat familia elkartu eta kilometro bat erosi dutenak… Oso polita da. Emozio leherketa bat.