Sei ikus-entzunezko proiektu garatzen ari dira Donostian, Ikusmira Berriak programaren bidez

Ikusmira Berriak programaren hamargarren edizioko Maria Elorza, Marieke Elzerman, Felipe Galvez, Lucy Kerr, Mikele Landa eta Cande Lazaro egoiliarrak Tabakaleran ari dira lanean, Donostiako Zinemaldiak, Tabakalerak eta Elias Kerejeta Zine Eskolak antolatzen duten egonaldietako eta ikus entzunezko proiektuen garapenerako programaren testuinguruan. Gaur egin dute egonaldiei buruzko prentsaurrekoa, Tabakaleran bertan.
Aste honetan aurrez aurreko saioak egin dituzte Ikusmira Berriak programako adituen batzordeko kideekin, Flor Clerico ekoizle eta aholkulariarekin, Olimpia Pont Confer aholkulariarekin eta Javier Martin aholkulari eta Donostia Zinemaldiko hautaketa batzordeko kidearekin.
Urrezko bi Maskorrekin saritutako Isasi Lacuestak lagunduko dio Felipe Galvez zuzendari txiletarrari bere bigarren filmean (Impunidad), Cannesen Fipresci Saria jaso zuen Los colonos filmarekin debuta egin ondoren. Albertina Carri errealizadore eta programatzaile argentinarrak tutorizatuko du Cande Lazaro artista bisuala, zinemagilea eta 2021ean Tabakalerako Artisten Espazioko egoiliarra La Pastora film ez binarioa garatzen duen bitartean. Elena Lopez Rierak lagunduko dio Marieke Elzerman zinemagile herbeheretarrari, haren lehenengo film luzea, Wash Over, osatzeko prozesuan. Catarina Vasconcelos zinemagile eta ekoizle portugaldarrak beste horrenbeste egingo du Lucy Kerr estatubatuarrarekin eta The Bow filmarekin, Locarnon Family Portrait filmarekin saria lortu ondoren egingo duen bigarren filmean ari baita Kerr. Jean-Gabriel Periot zinemagile frantsesa izango da Maria Elorza euskal zuzendariaren tutorea; Elorza bere bigarren film luzea lantzen ari da, Caro Bastiano. Eta Laura Citarella produktore argentinarrak lagunduko dio aurreneko film luzea, Senda, lantzen ari den Mikele Landa euskal zuzendariari.
Banakako lan denboraz eta adituen batzordearekin eta banakako tutoreekin egindako saioez gain, Ikusmira Berriak programaren hamargarren edizio honetan 2016an Ikusmira Berriak programan egoiliar izandako Mikel Gurrea zinemagilearen Suro proiektua aurkeztuko da, eta martxoaren 18an eta 19an haren lehen film luzea idazteko eta sortzeko prozesua partekatuko du. Suro filma Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen 2022an, eta Fipresci Saria eta Euskal Zinemari ematen zaion Irizar Saria jaso zituen, besteak beste. Gainera, apirilak 2 eta 5 bitartean egoiliarrek Pensar el proyecto en terminos de montaje tailerrean parte hartuko dute Ariadna Ribas eta Ana Pfaff muntatzaileekin. Bestalde, lehenengo egonaldian, egoiliarrek aukera izango dute Tabakalerako zine emanaldietan sartzeko eta Medialab eta Ikus-entzunezko Laborategiko zerbitzu eta baliabide guztiak erabiltzeko.
Ekainean, egoiliar bakoitzak garapenerako 10.000 euroko laguntza jasoko du bi egonaldien artean proiektua lantzen jarrai dezan. Uztailean online egingo dira banakako tutoretzak, eta irailean, Zinemaldiarekin bat eginez, Donostiara itzuliko dira egonaldiko azken bi asteak osatzeko. Fase horretan, zinematografia industriako profesionalei aurkeztu ahal izango diete proiektua, eta hitzordu agenda pertsonalizatua izango dute beren proiektuetan parte hartu nahi duten pertsonekin.