«Zazpi probintzietako gazteak etortzen dira, diasporako gazteekin batera»
Uztailean izaten den arren, edozein egun baliatzen dute Euskarabenturako kideek elkartu eta eguna elkarrekin pasatzeko. Korrika Donostiatik igarotzen den eguna baliatuko dute «topaketa» horietako bat egiteko eta Korrikaren lekukoa hartzeko; Antiguan hartuko dute.

Zer da Euskarabentura?
Hamabost eta hamazazpi urte bitarteko gazteei Euskal Herria ezagutzera eramaten dituen oinezko espedizioa. Hilabete osoa irauten duen espedizioa da, eta uztailaren 1ean Atharratze-Sorholuzetik (Zuberoa) abiatuko gara, eta uztailaren 31n Getxon (Bizkaia) bukatuko dugu.
Duela zenbat urte hasi zineten Euskarabenturarekin?
Lehenengo aldia 2017an izan zen, baina 2015etik elkartea prestaketa lanetan hasi zen. Jada pasatu dira urte batzuk.
Zer nolako harrera izan du espedizio ibiltari horrek? Gorakada nabaritu duzu?
Bai. 2017tik, izen emateen gorakada nabaritu dugu. Egia da pandemia garaian gauzak pixka bat okerrera joan zirela, eta alde batera utzi behar izan genuela. Geldialditxo bat egin behar izan genuen, eta urte horretan ez zen espediziorik egin. Gero esan dezakegu izen emate kopuru hori berreskuratu dugula. 125 gazte joan daitezke, momentuz, espediziora, eta 125 baino gehiago izan dira izena eman dutenak.
Iazko datuez hitz egiten badut, esan dezaket espedizio bakoitzeko, batez beste, pertsona bat baino gehiago. Plazak oso kotizatuta daude, eta jende asko, tamalez, ez da espediziora sartzen, plazarik gabe geratzen direlako.
«Guk euskalgintzan jarduten dugu bizi dugulako, eta benetan euskaraz bizi nahi dugulako»
Zuen helburuen artean euskara eta euskal kultura sustatzea dago. Helburu horiek betetzea lortzen duzue? Hau da, gazte horiek inplikatuagoak sentitzen dira euskal kulturarekin eta euskararekin?
Bai, argi eta garbi. Azken finean, badakite nora doazen. Beste helburuetako bat euskaldun gazte horien sare bat osatzea da. Kultura ere sustatzen dugu, eta geografikoki ere Euskal Herria zeharkatzen dugu. Ezinezkoa da herri guztietara iristea, baina hainbat herritatik igaroko gara, eta zazpi lurraldeetatik. Horrekin ere, geografikoki herriak mapan kokatzen ikasten dute.
Oso aberasgarria izaten da, eta ikusten dugu behin espedizioa bukatuta ere, gazte horien artean benetako sare bat osatzen dela eta harremana mantentzen jarraitzen dutela. Nolabaiteko eragina izan duela ikusten dugu, eta ez txikia. Euskarabentura amaitu eta gero ikusten dugu herrigintzan inplikatzen eta aritzen direla, euskalgintzan eta herrigintzan zentratuta.
Parte hartzaileak eta begiraleak Euskal Herri osokoak zarete, ezta?
Zazpi probintzietako gazteak etortzen dira espediziora, eta, horiez gain, diasporatik etortzen dira gazteak daude. Eta, gero, lantaldean, berdina gertatzen da, zazpi probintzietako gazteak —eta ez hain gazteak— elkartzen gara. Euskal Herriko probintzia guztietako gazteak joatea da bermatu nahi duguna, oreka bat bermatu nahi dugu. Oso aberasgarria izaten da, euskalki desberdinak entzuten dira eta bakoitzak bere errealitatea du. Euskal Herriko herrietan euskararen errealitate eta erabilera ez da berdina. Orduan, bizipenak partekatzen dituzte.
Euskal Herri osotik ibiltzen zarete, baina Donostian soilik hartu behar duzue lekukoa?
Bai. Kilometroa hiri handietan hartzen saiatzen gara, horrela Euskal Herriko gazteek erraztasun gehiago dituzte bertara iristeko. Eremu horretan biltzen gara guztiok, eta eguneko egitaraua antolatzen dugu. Euskarabenturako topaketa egiten dugu, eta, bide batez, lekukoa hartzen dugu.
Zer suposatzen du zuentzat Korrikaren lekukoa eramateak?
Sentimendu asko aldi berean. Azken finean, guk euskalgintzan jarduten dugu bizi dugulako, eta benetan euskaraz bizi nahi dugulako. Gainera, hori da gure helburuetako bat, eta euskararen transmisio hori egin nahi dugu gazteengan. Baina bueno, zirrara eta konpromisoa sentitzen ditugu, eta egun seinalatua da guretzat.
«Plaza oso kotizatuak daude, eta jende asko, tamalez, ez da espediziora sartzen»
Zer da euskara zuretzat?
Euskara da ni neu naizena. Izaera, nortasuna… guztia da euskara niretzat. Euskaraz jaio naiz, eta eskubide bat da, aldarrikatu beharreko eskubide bat. Bizitzeko modu bat da.