Baroja Colleten 'Bidean galduak' erakusketa ikusgai dago Arteko galerian
Baroja Collet eskultore eta grabatzaile frantsesaren (Le Creusot, 1957) Bidean galduak erakusketa inauguratu zuten ostiralean Groseko Arteko galerian (Iparragirre kalea, 4), eta ekainaren 8ra arte egongo da ikusgai; asteazkenetik ostiralera 11:00-19:00 ordutegian dago irekita galeria, eta larunbatetan 11:00etatik 14:00etara.
Artistaren askotariko lanak daude ikusgai eta salgai galerian: eskultura handiak, brontzezko lan originalak, berez urtu egin behar zituzten eta artistak berreskuratutako piezak, collageak eta grabatuak.
Arteko galeriak azaldu duenez, erakusketa honetan, artistak “ikusi ezin dezakegunaren inguruan hitz egiten du sinbolikoki, ideiei, obrei, proiektuei eta gure bidean zehar galtzen diren gauza gehiagori egiten dielako erreferentzia”. Ibilbide luzea du Baroja Colletek, eta, galeriak nabarmendu duenez, “ikonografia propio bat” garatzean zentratzen da artista, “teknika desberdinak erabiltzeko gai dena, baina bere izaera propioa galdu gabe”.
Halaber, Artekok azaldu du Baroja Colleten proiektuan “materialtasun objektualaren beharra” dagoela: “Eskultura batek bere buruari buruz dioenarengatik interesatzen zaio artistari, bai objektu autosufiziente gisa dioenarengatik eta baita zuzenean edo zeharka guri buruz eta bizi dugun errealitateari buruz esan dezakeenarengatik ere”.