Ekialdeko Barrutiko emakumeak omendu dituzte
Donostiako Udalak, Ekialdeko Barrutiko Berdintasun lantaldearen ekimenez, zona horretako hainbat emakumeri aitortza egiteko hiru atril jarri ditu berriki, eta hirurak bisitatu zituzten igandean kalejiran, omenaldi gisa. Herrerako emakume bolarien omenezkoa da atriletako bat, Altzako emakume milizianoen omenezkoa beste bat eta indarkeria matxistaren biktima bizirauleen omenezkoa beste bat. Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako Trikitixa eta Pandero taldeak gidatu zuen kalejira.
12:00etan abiatu ziren Arrobitxulo parkeko bolatokitik, eta hiru atrilak bisitatu ostean, Herrerako topo geltokian bukatu zuten, giro ederrean. Ekitaldiaren helburua emakumeei babesa eta ikusgarritasuna ematea zen, historian eta gizartean duten garrantzia aitortuz. Omenaldia Ekialdeko Barrutiko Berdintasun lantaldearen proiektuaren barruan dago, Donostiako Udaleko Berdintasun Sailarekin, Altzako Historia Mintegiarekin eta Eihera kooperatibarekin lankidetzan garatutakoa.
Duela 30 urte baino gehiago, Gipuzkoako lehen emakume bolari federatuak izan ziren Herrerakoak, eta horregatik jarri dute euren omenezko atrila. Altzako emakume milizianoei dagokienez, faxismoaren aurka 36ko gerran egindako borrokarengatik omendu dituzte. Halaber, indarkeria matxistatik bizirik atera diren emakume guztiak omendu zituzten, bai eta indarkeria matxista guztien prebentzioan, arretan, erreparazioan eta desagerraraztean egunez egun borrokatzen eta lan egiten duten guztiak.
Jarraian, kalejirako hainbat argazki ikus ditzakezue: