On Ekin kanpaina abiatu dute asteburuan
Elikadura ereduaren inguruan hausnartu eta alternatiba osasuntsuagoak eskaini nahi dituzte antolatzaileek.
Donostiako Udalak eta Cristina Enea Fundazioak, Saretuzekin elkarlanean, ON EKIN ekimena jarri du abian asteburuan. Martxoaren 15ean ospatzen den Kontsumo Arduratsuaren Egunarekin bat eginez abiatu zuten kanpaina, elikadura osasuntsua, garaikoa, bertakoa eta ekologikoa ezagutzera emateko. Horretarako, askotariko jarduera eta tailer garatuko dituzte urte osoan zehar, eta mapa interaktibo bat egingo dute elikadura mota horren alde egiten duten saltoki,azoka eta kontsumo taldeekin.
Iaz, Osasun Publikoaren eta Animalien Ongizatearen zerbitzuak, Cristina Enea Fundazioarekin abian jarritako Berriz Berri ekimenaren jarraipena da On Ekin egitasmoa. Antolatzaileek azaldu dutenez, iazkoaren berrerabilera eta konponketa baziren, aurtengoaren gaia elikadurari lotuta dago, “krisi ekosozialaren aurrean”, kontsumo ereduari erreparatzeko: “Egunero egiten dugun ekintza bat izanik, eragin handia izango du gure gizartean eta ingurumenean zein motatako elikagaiak aukeratzen ditugun, nongo elikagaiak aukeratzen ditugun edota non erosten ditugun”.
Herritarrengan kontsumo ohitura horietan aldaketak sustatzeko, interes eta adin mota askotariko hainbat jarduera prestatu dituzte antolatzaileek. Besteak beste, askari osasuntsuak, kontserba ikastaroak, antzerki emanaldiak eta baserrietara bisitak egingo dituzte, euren egitarauaren barruan. Era berean, kanpainan parte hartzen duten belar dendetan eta bestelako establezimenduetan, zozketak egingo dituzte erosketak egiten dituzten pertsonen artean.