Tigre eltxoa ikertu dute Gladys Enean
Azken urteotan, tigre eltxoa gure ekosistemaren parte bilakatu da. Asian du jatorria, baina mugikortasun globalarekin, oso azkar hedatu da gure hiriraino, hainbat guneetan erabat finkatu den arte. Intsektuaren ugalketa azkarrarekin, hamaika izan dira espezie inbaditzaileak sortu dituen kezka eta galderak, eta, hori horrela, espeziearen jarrera ikertzen aritu da Parkea Bizirik talde ekologista. Noticias de Gipuzkoa hedabideari adierazi diotenez, sei edukiontzi jarri dituzte tranpa gisa eltxoaren ugalketa eta hazkundean ikertzeko.
“Eremu batean kokatuta dagoenean, eltxoak ezabatzea ia ezinezkoa da ” diote ikertzaileek. Azaldu dutenez, eltxoak oso aktibo agertu dira behaketetan, ekimenean parte hartu duten naturalistak saio bakoitzeko hamar aldiz baino gehiagotan ziztatuz. Diotenez, baina, gaixotasunen transmisore diren arren, ziztadek ez dute erreakzio alergikorik sortu. Izan ere, halako erantzunak ez dira maiz izaten, eta pertsona kalteberei baino ez die eragiten. Era berean, behaketa lanetan tigre eltxoek kolore ilunekiko erakarpen handiagoa sentitzen zutela ikusi zen, tonu horietako jantziak nahiago izan dituztelako. Are gehiago, gehiago hurbiltzen ziren halako arropara, agerian zegoen azalera baino.
Harraparien bilaketan
Ugalketa azkarra izanda, espeziearen hazkundea eten dezakeen harraparien bilaketan ere aritu dira Parkea Bizirik taldeko ekologistak. Zehaztu dutenez, Gladys Enean bi dituzte gutxienez, sugandila harrapari heldua eta indioilar kumeak. Harrapariekin ere, euren ugalketak bere horretan jarraitzen duen arren, Donostian ez dago alarma pizteko arrazoirik, Parke Bizirik taldeko Joseba Gurutz de Vicenteren arabera. Ekologistak azaldu duenez, “toki batzuetan tigre eltxoa gaixotasun larrien bektorea bada ere, hemen ez da hori gertatzen ari oraingoz. Bere ziztadak ez dira eltxo arruntarenak baino okerragoak “.