Arbaizeneako jabeak azalpenak eskatu dizkio PPri jauregiaren erabilerarekiko jarreragatik
Hirigintza batzordean eskatutako azalpenengatik "oso haserre" agertu zen Albako dukesa zenaren semea, eta Borja Corominas bozeramailearekin hitzordua eskatzeaz gain, azalpenak eskatu ditu Genovan, PPren Espainiako egoitza nagusian.

Cayetano Martinez de Irujo Arbaizeneako jabeak Donostiako udaletxea bisitatu du berriki, baina ez Hirigintza zinegotziarekin hitz egiteko, PPko udal bozeramaileari kontuak eskatzeko baizik. Albako dukesa zenaren semea, oso haserre zegoen popularrek udal batzorde batean izandako jarrerarekin. Zehazki, Corominasen alderdikideek jauregiaren lursailen erabilerari buruzko azalpenak eskatu izanak sumindu du Arbaizeneako jabea, El Diario Vasco egunkariak jaso duenez.
Duela hilabete batzuk hasi ziren biltzen Donostiako alkate Eneko Goia eta Hirigintzako zinegotzi Nekane Arzallus, Cayetano Martinez de Irujorekin, jauregiko espazioari “erabilera irekiagoa” emateko aukeraz hitz egiteko. Egun, Arbaizeneak ezkontzak eta ekitaldi handiak izaten ditu noizean behin, baina jabeak etekin handiagoa atera nahi dio espazioari. Besteak beste, ekitaldien negozioa errentagarriagoa izan dadin, kanpotik beharrean, jauregian bertan, catering zerbitzua eskaintzea du helburu. Hain zuzen, duela aste batzuk, argitara atera zenez, jatetxerako jarduera lizentzia bat eskatu zuen Marinez de Irujok, baina ukatu egin zioten. Marisol Garmendia zinegotzi ohiak orduan zehaztu zuenez, aukeraketan egindako “akats bat” baino ez zen izan, eta izapideekin jarraitzeko asmoa du, jatetxe jarduera beharrean, catering zerbitzu propioaren baimena eskatzeko.
Jarduera horretatik harago, Arbaizeneako zuhaitz eremu bat udal ondarearen parte izatera pasa litekeela baieztatu zuen Arzallusek otsaileko Hirigintza batzordean. “Aukera bat” izan zitekeela adierazita, bien arteko adostasuna egongo balitz, udalak elkar trukaketa egingo lukeela azaldu zuen; hau da, Donostiako Udalak jauregiak duen baso eremuaren zati bat eskuratuko luke eta, horren ordez, hiriko beste lursail bat eskainiko litzaioke Arbaizeneako jabeari.
Azalpenak PPko Vanessa Velezen galderaren ostean iritsi ziren, “jabetzarekin akordio bat lortzeko arrazoiei buruz” jakin nahi zuelako zinegotziak. Kide popularrak interpelazioa baliatu zuen, halaber, Hirigintzako zinegotzi Nekane Arzallusi argibideak eskatzeko, eta Martinez de Irujorekin izandako elkarrizketa horien atzean udalaren eta Albako Etxearen arteko interesik ote zegoen argitzeko. PPko kideen galdera eta adierazpen horiek, baina, Cayetano Martínez de Irujorengana iritsi dira berriki, eta oso haserre, Borja Corominas bozeramailearekin hitzordua eskatzeaz gain, azalpenak eskatu ditu Genovan, PPren Espainiako egoitza nagusian.