Chill Mafia, Izaro eta El Columpio Asesino arituko dira Zurriolako hondartzan, Jazzaldian
Uztailaren 24tik 27ra zortzi kontzertu eskainiko dira dohainik, horietako bost emakumeek lideratuak. Talde euskaldunak, estatubatuarrak eta afrikarrak arituko dira bertan, eta askotariko estiloak entzungo dira, besteak beste hegoaldeko rock estatubatuarra, popa, musika urbanoa, teknoa, sustrai musikak, bluesa eta indiea.
Blues Garaikideko Album Onenaren Grammy saria irabazi berri duten Lovell ahizpak, Larkin Poe beren taldearekin batera, arituko dira uztailaren 24an, Zurriolako hondartzan. Blood Harmony beren albuma Estatu Batuetako hegoaldeak ezaugarri dituen musiken bilduma da: bluesa, gospela, bluegrassa edo, besterik gabe, hegoaldeko rocka. Berealdiko zuzenekoetan gorputz eta arima aritzeagatik, eta gitarra eta ahotsen birtuosismoagatik bereizten da Larkin Poe.
Agertoki berean, aurretik, Izaro artista mallabitarra izango da, argitaratu berri duen Cerodenero aurkeztuz.
Uztailaren 25ean, osteguna, Merina Gris donostiarrak arituko dira, aurten hirian emango duten kontzertu bakarrean. Ondoren, Shinova berriztarrak arituko dira.
Uztailaren 26an arituko dira Les Amazones D’Afrique. Benin, Mali eta Kongokoak jatorriz, berritasuna ekarri diote Afrikako popari. Egun berean, El Columpio Asesino taldeak, beren ibilbideari azkena ematen dien biraren barruan, agur esango die Zurriolako hondartzara hurbilduko zaizkien jarraitzaileei.
Zurriolako kontzertuei amaiera emateko, bluesaren eta AEBetako hegoaldeko rockaren erreferentziazko North Mississippi Allstars taldearekin, ibilbide luzea, osatua eta askotarikoa egina duenarekin. Agertoki honi azken agurra egiteko, Chill Mafia iruindar taldea izango dugu edizio honetan.
Detritus da kartelaren egilea
Margolari, kartelgile eta marrazkilari donostiarrak egin du aurtengo kartela, 1970ko hamarkadaren amaierako jaialdiko oroitzapenetatik abiatuta. Urte haietan, “Donostiako jaialdi honek hiriaren itxura monokordea aldatu zuen kartel berriekin, kalean jotzen aritzen ziren bandekin, eta bisitarientzako logela handi gisa egokitutako Carmelo Balda pilotalekuarekin”, azaldu dutenez. Arrazoi horiengatik guztiengatik, kartelaren egileak dioenez, “oso atsegingarria zait estilo kartelista, mugimendu alternatiboetan garatua, Jazzaldiaren izaerara egokitzea”.
Arte Ederretako lehen kurtsoa egin zuen Leioan, 1982-83 ikasturtean, eta orduan hasi zen pintzela erabiltzen kartelgintzako estiloarekin, aurretik komikiak marraztuz ikasitakoa jasota. Detritusek gaur arte mantendu eta garatu du estilo hori, obra berean testua eta irudia uztartuz. 1980ko hamarkadan Euskal Herriko mugimendu alternatiboan murgildu zen, eta kartel ugari egin zituen hainbat gairi buruz: punka, okupa mugimendua, feminismoa, antimilitarismoa, ekologismoa… Ondoren, Bilboko beste talde artistiko batzuetan parte hartu zuen, tartean Safi Gallery-n eta Las Chamas-en.