25 lagunetara murriztuko dute turista taldeetako gehieneko pertsona kopurua
Donostia Turismoak apirilaren 10etik aurrera jarriko du neurria indarrean, eta derrigorrez bete beharko da, bestela isunekin zigortuko dutelako gidari turistikoa.
Donostia Turismoak neurri berriak jarriko ditu indarrean apirilaren 10etik aurrera, hirian dabiltzan turista taldeak arautzeko. Bisita gidatu turistikoa Espazio Publikoaren Ordenantzan sartzea onatuko du, bisita gidatuetan gehienez 25 lagunek parte hartu dezaten. Aldaketa hau tokiko gida enpresekin adostu dute, eta enpresek muga hori errespetatzeko konpromisoa hartu dute. Gainera, gida zerbitzu hori emateko ordua ere mugatu dute, eta 08:00etatik 23:00etara eskaini ahalko dira bisita gidatuak.
Jon Insausti Euskara, Kultura eta Turismoko zinegotziak eta Iñigo Ansa Go Local enpresako zuzendaria eta DSSTko zerbitzu turistikoen ordezkariak aurkeztu dute araudi berria gaur, Sarriegi plazan egin duten prentsaurrekoan. Insaustik azaldu duenez, “herritarren bizi kalitatea” jarri dute estrategia honen erdigunean, eta gaineratu du jarduera turistikoan kutsadura akustikoa arautu duen lehen euskal hiria izan dela, duela hilabete batzuk megafoniaren erabilera debekatu baitzuen. Horrez gain, bisita gidatuetarako gomendioen dekalogo bat ere argitaratu zuen Donostia Turismoak.
“Proaktiboak izan behar gara turismoaren sektorean aukera berriak sortzeko eta lehiakorragoak izateko, eta aurre hartu behar diegu arazoei donostiarren bizi kalitatea zaintzeko”, azaldu du Insaustik. Horretarako, kasu honetan, hiru eragile aritu dira elkarlanean: Donostiako Udala, turismo sektorea bera eta udaleko talde politikoak. “Duela hilabete batzuk martxan jarri zen Donostiako Udalean turismoari buruz jarduteko batzorde ez iraunkor bat, eta horrek ere izan ditu bere emaitzak. Jaso ditugu gainontzeko talde politikoen ekarpenak, eta uste dut gobernantza eta aliantza udal barruan, industriarekin eta talde politikoekin, ezinbestekoak izan direla araudi hau aurrera eramateko”, nabarmendu du zinegotziak.
Zigorrak
Iazko udan argitaratu zuen Donostia Turismoak bisita gidatuetarako gomendioen dekalogoa, eta gomendioen artean, taldeen gehieneko tamaina mugatzea nabarmentzen zen. Ordea, oraingo erregulazioarekin nahitaez bete beharreko araua izatera pasatuko da. Gainera, hiriko bide publikoan bisita gidatuak egin nahi dituen gidari turistikoen enpresa orok izapide bat egin beharko du. Erantzukizunpeko adierazpen bat da, online egin daitekeena, ziurtagiri digitalaren bidez. Ziurtagiri horretan enpresak edo gidariak 25 pertsonatik gorako taldeak ez gidatzeko konpromisoa hartuko du, besteak beste.
Udaltzainek erantzukizunpeko adierazpen hori eskatu ahal izango diote bisita gidatua egiten ari den profesionalari, eta halakorik ez badute, 750 eta 1.500 euro arteko isunekin zigortuko dute.
Ansak nabarmendu duenez, askotan gidari turistikoak foku mediatikoan egon ohi dira, “filmeko pertsonaia gaiztoak” izango balira bezala. Horren aurrean, zera adierazi du: “Gehienok ardura dugu, eta kalitatezko bisitak egiten ditugu. Industrian edo merkataritzan badago kalitatea bilatzen ez duen jendea, baina gure kasuan, horren bila aritzen gara, datu historikoak, kultura eta euskara gure diskurtsoetan sartuz, adibidez”.
Apirilaren 10etik aurrera indarrean
Kazetariek arau berria Pazko Astearen ostean indarrean jartzearen zergatiaz galdetuta, Insaustik erantzun du araudia Aste Santurako indarrean jartzea gustatuko litzaiekeela, baina agente desberdinekin hartu dutela erabakia, eta “denbora kontuagatik” apirilaren 10era atzeratu behar izan dutela. “Gure aurreikuspena zen urteko lehen hiruhilabetean erregulatzea, eta hori bete dugu”, adierazi du Insaustik.