Hiri baratze proiektu bat jarri dute martxan Loiola Kultur Etxean
Loiola Kultur Etxean hiri baratze egitasmo berria jarri dute martxan, EtxEKOlanda proiektuaren baitan. Proiektu hau Cristina Enea Fundazioak eta Donostia Kulturak duela urte batzuk martxan duten EtxEKOlanda ekimenaren testuinguruan jaio bazen ere, baditu bere berezitasunak. Lehen fase batean buru osasuneko arazoa duten Agifes elkarteko eta +55 programako erabiltzaileen artean osatu den talde baten harremanerako espazioa izango baita.
Talde misto honen lehen saioa, pasa den martxoaren 5ean izan zen, eta mahaien muntaketa eta instalazioa egiten hasi ziren. Bost laborantza mahai eraiki zituzten elkarlanean, bai eta lehen lur zakuak bota eta letxuga kimu eta azenario haziak landatu ere.
Topaketak bizpahiru astean behin izango dira, ereintza erritmoari jarraituz, eta bien bitartean, espazioaren zaintzaz arduratuko den brigada bat ere antolatu dute.
“Hainbat ikerketaren arabera, halako baratze terapeutikoen onurak ugariak dira. Gertaera estresagarri baten ondoren, naturaren irudiek efektu lasaigarri bat eragin dezaketela frogatu da. Egoera naturalak ikusi eta lehen hiruzpalau minutuetan, odol presioa, arnasketa, garuneko jarduera eta aldartea hobetzen ditu, estresarekin askatzen diren hormonak murriztuz”, azaldu du Cristina Enea Fundazioak.
Uztaila bitartean luzatuko den esperientzia pilotu honen ondoren, parte hartzaileek egindako bidearen balorazioa egin eta etorkizuneko plana diseinatuko dute.