Udalarekin elkarlanean aritzeko prest agertu da Gobernu Zibila Kultur Etxe plataforma
Otsailaren bukaeran, Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren Ordezkariak adierazi zuen Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetza Garibai kalean dagoen Espainiako Bankuaren egoitzara lekualdatuko dutela 2030erako. Pio XII.aren plazan dago egun ordezkaritza hori, eta hiriaren aldarrikapen historiko bat da espazioa berreskuratzea; horregatik, albistearekin “pozik” agertu da Gobernu Zibila Kultur Etxe plataforma, udal talde guztiei bidalitako agiri batean. Halaber, “interes bizia” adierazi dute jakiteko zein egoeratan dagoen eraikinaren lagapena, erosketa edo dena delakoa.
Plataformak gogorarazi du urteak daramatzatela eskatzen Pio XII.aren plazako eraikina “kultur etxe eta gizartegune bihurtzeko”, euren aburuz, Ernest Lluch Kultur Etxearen “kokapena eta egoera desegokiak” direlako. Hain zuzen ere, martxoaren 5ean Realak Anoetan Txapeldunen Ligako partida bat jokatu zuenez, segurtasun dispositiboaren neurrietako bat izan zen kultur etxea ixtea, eta horrek islatzen du, plataformaren esanetan, azpiegitura horren “kokapen desegokia”.
Horrela, Espainiako Gobernuaren instalazioen lekualdatzea partziala izan beharko balitzake, Pio XII.aren plazako eraikinean geldituko liratekeen zerbitzuak Ernest Lluchen egungo kokalekura lekualdatzeko proposatu dute, horrela Gobernu Zibilaren eraikin osoa kultur etxe bihurtu ahal izateko. Era berean, udalarekin elkarlanean aritzeko prest agertu dira plataformakoak, azken urteotan udalaren eta Amara Berriko auzotarren arteko harremanak “onuragarriak” izan direla gogoraraziz.