Zubietatik igaro da Korrika
Lau kilometroko ibilbidea egin zuen herrian, eta ehunka lagunek hartu zuten parte.
Korrikak Donostiako lehen herria gurutzatu du dagoeneko. Bart gauean, 23:00ak aldera, lekukoak bere bidea egin zuen Zubietatik barrena. Ordua ez zen oztoporik izan Zubietarrentzat, eta ehunka lagunek hartu zuten parte, Lasartetik zetozen korrikalarien konpainian. Hipodromoko zubian hartu zuten lekukoa Zubietako Herri Eskolak eta Zubietako Herri Batzarrak. Bizkor eta tropel handiarekin atzean, txikienak izan ziren uholde handiaren buru.
Lasartetik zetozen euskaltzale mordoaren konpainian igaro zuten Urbitarte pasealekua, eta bidean batu zitzaizkien Ikaslan eta lanbide heziketako profesional eta ikasleak, Fagor kooperatibako langileak eta Enpresabidea hedabidekoak ere. Hala, Urbitarte pasealekua igarota hartu zuten Irigoien kalea, eta hortik, Learritza zeharkatu zuen, Zubieta auzoa bidea hartuta, Usurbilko Santuenea auzora iritsi ziren arte.
Larunbatean, gainerakoek
Donostiako lursail batzuk zeharkatu baditu ere Zubietan, oraindik egun batzuk falta dira Korrika gainerako auzoetan izateko. Larunbateraino itxaron beharko dute beraz, gainerako donostiarrek, beren kaleetatik euskararen aldeko lasterketa erraldoiaz gozatzeko. Martutenetik sartuko da 18:12ean eta bost orduko ibilbidea izango du hirian. Auzo gehienak zeharkatuta, Altzatik irtengo da 22:27ean, San Pedrorako bidean.