Dbuseko flotaren %33 elektrikoa izango da 2025 hasieran
Dbusek beste 43 autobus erabat elektriko jasotzea aurreikusten du datozen hamabi hilabeteetan. Horrela, flotaren %33 autobus %100 elektrikoak izango dira 2025eko lehen hiruhilekoan. Autobus horien guztien erosketa MAN Truck & Bus Iberiari esleitu zaio, eta Next Generation funtsen bidez finantzatuko dira, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren diru laguntzaren bidez. Marko horretan, Dbusek MAN Truck & Busen Turkia, Alemania eta Espainiako ordezkaritzetako talde baten bisita jaso du aste honetan, eta lan jardunaldi horiek Kotxetegietan egiten ari den elektrifikazio prozesuaren barruan egin dira.
Dbusek azaldu duenez, jardunaldiak “oso aberasgarriak” izan dira, eta gai batzuetan sakontzeko aukera eman dute, esaterako, autobus elektrikoen garapenean, Dbusen instalazioen kargako azpiegitura elektrikoetan eta karga puntuen eta kudeaketa softwarearen arteko komunikazio protokoloetan.
Bilera horietan, gainera, Dbusek bere segurtasun plan berria aurkeztu du. Plan horretan jasotzen dira elektrifikazioaren ondorioz aurre egin beharreko erronka berriak; besteak beste, suteen aurkako plana eta atoian eramateko probak.
Elektrifikazio lanak
Joan den urtarrilaren 22an hasi ziren kotxetegietako instalazioen azpiegitura elektrikoa berritzeko lanak. Obra honen helburua da linea elektriko baten trazadura egitea, Egiako banaketako azpiestazio transformatzailetik Kotxetegien ingurura, gutxi gorabehera 1,5 kilometroko trazadura, non sekzionamendu zentro bat egongo den, eta zentro horretatik, zuzeneko hornidura elektrikoaren banaketa hasiko da, transformazio zentroetatik igarota. Gaur egun, trazaduraren %35 eginda dago; beraz, obra gauzatzeko aurreikusitako epeak betetzen ari dira, maiatzaren amaierarako bukatzea espero baita.
Kotxetegien instalazioen barruan, berriz, aparkalekuko 119 plazetako hartunea egokitzen ari da, horri esker autobus elektriko berriak gehitu ahal izango dira eta.