ELAk Atzerritarren Legea indargabetzeko eskatu du
Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako nazioarteko egunarekin bat, ELAk elkarretaratzea deitu du eguerdian, Atzerritarren Legearen bidez “adierazten den arrazismo instituzionala” salatzeko. Guztion Prekarietatea Borrokatu! Sindikalismo antiarrazista baten alde! lelopean, 60 pertsona elkartu dira Amara Berriko Atzerritarren Bulegoaren aurrean. Hala, pertsona migratuak “prekarietatera” kondenatzen dituen legea gaitzetsi eta “benetako aldaketak” eskatu dituzte.
Ohar bidez adierazi dutenez, Atzerritarren Legeak pertsona migratuak estigmatizatzen laguntzen du, “bigarren mailako herritar gisa” sailkatzen baititu migratzaileak. Hori horrela, zailago dute oinarrizko eskubideak —osasuna, hezkuntza edo etxebizitza, esaterako — eskuratzerako orduan. Gainera, pertsona askok ezin dute errolda eskuratu, eta funtsezko eskubide horiek eskuratzeko muga handiak dituzte.
Egoera horren aurrean, erakundeeetan erreformak bultzatzen ari direla diote sindikatutik. ELAko kideek, ordea, “benetako aldaketak” eskatu dituzte, migratzaileen erregularizazioa helburu duten erreforma horiek sektore batzuetan soilik aplikatu nahi dituztelako: “Eskulan merkearen kontratazioa erraztea besterik ez du bilatzen, eta hori are larriagoa da”.
ELAtik azaldu dutenez, prekarietatearen eta arrazismoaren aurkako borrokan banaketa hori ez onartzetik ematen zaio bide halako jarrerei. Hala, horren aurrean, eguneroko jardueretan migratzaileen prekarietatea salatzeko deia luzatu dute.