Tabakaleraren nazioarteko posizioa handituz doa, Suitzak eman berri dion diru laguntzaren ondotik
Alemaniako gobernuak iaz emandako laguntzaren ondoren, Tabakalerak, Basileako (Suitza) Hek Museoarekin eta Bangaloreko (India) MAP Museoarekin batera, 120.000 euroko diru laguntza jaso du aurten Suitzako Gobernuaren aldetik, XRri (errealitate areagotua) buruzko proiektu bat egiteko. Proiektuak bi urteko iraupena izango du eta hiru erakunde kulturalen artean egonaldi artistikoen hiru deialdi bultzatzeko balioko du; 2024an zehar hainbat prototipo garatuko dira egonaldi horietan, eta 2025ean aurkeztuko dira.
Deialdiak: Artea, Zientzia, Teknologia eta Gizartea (AZTG)
Artearen, zientziaren, teknologiaren eta gizartearen arteko elkargunearekin Tabakalerak hartua duen konpromisoa egonaldi programetan gauzatzen da. Hala, artearen eta aurrerapen teknologikoen arteko loturak aztertuko dituzten diziplina arteko proiektuak babestea da lan ildo honen helburua. EHUko Arte Garaikide Teknologiko eta Performatiboko Unibertsitate Masterrarekin lankidetzan eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, 2024an bost proiektu artistiko, komisariotzakoak edo ikerketakoak hautatu dira; proiektuen sortzaileek sei asteko egonaldia egingo dute Tabakaleran, apirila eta maiatza bitartean, eta horiek gauzatzeko behar den ezagutza teknikoa ere izango dute, enpresa zientifiko edo teknologikoen eskutik.
Bestalde, maiatzean, laugarren Immaterial deialdia irekiko da. Proiektu honen helburua da pieza artistiko digitalen garapena eta arlo digitalean eduki eta formatu berriak sortzen dihardutenen lana bultzatzea, haiei babesa eskaintzeko 3D sorkuntzan, arte digitalean, arte birtualean, eta errealitate birtual eta areagotuan, baita beste formatu hibrido batzuei leku egitea ere (esperientzia murgiltzaileak, aplikazioak, bideojoko kritikoak, artistikoak, interakzioa…) betiere helburu artistiko batekin. Hiru proiektuen egonaldia urrunetik egingo da, eta lau eta zortzi aste bitartean iraungo du.
Bestetik, apiriletik aurrera, ikerketa artistiko gurutzatua egiteko Racor egonaldiak, Hangarrekin eta CCCBrekin (Bartzelona) lankidetzan, sorkuntzaren diziplina guztietako artistak bilatuko ditu testuinguru teknologikoarekin eta zientifikoarekin elkarrizketak ezartzen dituzten proiektuetarako. Egonaldiak bi hilabete eta erdi iraungo du, Bartzelona eta Donostia artean, eta mundu osoko artistentzat egongo da zabalik.
Egonaldi artistikoak eta komisariotzakoak
Komunitate artistikoarekin hartua duen konpromisoaren barruan, Tabakalerak bi deialdi bultzatuko ditu 2024ko neguan eta udan, proiektu artistikoak garatzeko egonaldietarako. Hamaika asteko egonaldi horiek hainbat diziplinatan proiektu artistikoak garatzeko behar duten espazioa eskainiko diete artistei eta sortzaileei. Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren artistak edo eragileak aurkez daitezke deialdira, baita estatukoak eta nazioartekoak ere. Aldi berean, Tabakalerak komisariotza-proiektuetarako deialdi espezifiko bat egin du, 2024ko apirila eta maiatza bitartean hilabeteko egonaldi bat programatuta izango duena. Egonaldiak aukera emango dio proiektu hautatuaren egileari 2025ean, Tabakalerako 2 erakusketa aretoan, erakusketa baten komisario izateko.
Bitartekaritza kulturalaren esparruan, tokiko testuinguruan lan egiten duten pertsonei eta/edo kolektiboei zuzendutako deialdi berri bat irekiko da. Bi modalitate izango ditu: bata, Tabakaleraren testuinguru hurbileko komunitate edo kolektibo espezifiko batekin lotutako bitartekaritza kulturaleko prozesu bat garatzeko, eta, bestea, bitartekaritzaren beraren inguruan ikertzeko.
Bestalde, Tabakalerak prestakuntza artistikoa sustatzen du JAI Jardun Artistikoentzako Institutua udan irekita, Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoarekin batera. Bosgarren urtez jarraian, institutu honen Itziar Okariz eta Ibon Aranberri tutoreek bertako batzordean parte hartuko dute; aurten Alejandro Cesarco eta Olatz Otalora gehitu dira batzordera, nazioarteko irakasle talde baten babesarekin.
Gainera, Lekuona Fabrikarekin eta Dantzagunearekin lankidetzan, Tabakalerak Arte Performatiboen Programa (PAP) sustatzen du, praktika performatiboan sakondu nahi dutenei zuzendutako prestakuntza-ekimen bat, Bea Setién artistak koordinatua.
Beste deialdi batzuk, nazioartekoak eta elkarlanean
Nazioartean, Tabakalerak bigarren urtez irekiko du Morpho deialdia 2024, eta Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Iparraldeko artistentzako egonaldiak eskainiko ditu Anberesen, 2024ko urritik abendura bitartean.
Era berean, Hospitalfield, CCA Glasgow eta Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean, deialdi bat irekiko da apirilean, Eskozian elkartrukerako egonaldi artistiko bat egiteko, zortzi astez. Egonaldiak bi zati izango ditu: artista hautatuak Hospitalfielden igaroko du iraila eta CCA Glasgown urria.
Bestetik, Tabakalerak eta Txillida Lekuk bigarren urtez jarraian 8 asteko egonaldi bat eskainiko dute, 2024ko urria eta abendua bitartean, espazioa, testuingurua eta denbora eskainita artearekin eta paisaiarekin lotutako proiektu artistikoen garapenean laguntzeko; egonaldia Txillida Lekuren eta Tabakaleraren instalazioetan egingo da.