EH Bildu eta Elkarrekin Donostia taldeek erakunde adierazpena erregistratu dute Palestinari elkartasuna adierazteko
EH Bildu eta Elkarrekin Donostia taldeek erakunde adierazpena erregistratu dute Palestinari elkartasuna adierazteko, eta testua hurrengo bozeramaileen batzordean aurkeztu eta bozkatuko dute.
“Donostia Palestina Herri Ekimena osatzen dugun pertsonak, Palestinaren egoerari kezkaz eta suminduraz begiratzen diogun norbanakoak gara, herritarrak. Bat egitera eraman gaituen kezka eta amorru hori herritar gehienek partekatzen dutela uste dugu. Herritarrengandik gertuen dagoen erakundea izanik, ezinbestekoa irizten diogu Donostiako Udalak herritar gehienon kezka eta amorru hori bere egin, eta egunez egun Israelgo Estatua egiten ari den nazioarteko zuzenbidearen urratze larria salatu dezan”, adierazi dute.
Taldeek nabarmendu dutenez, joan den urriaren 7tik hona, Israelek 1.9 milioi pertsona desplazatu eragin ditu (herritarren %90), bonbetatik ihes eginez leku seguru batera iritsi ezinik, Israelgo Estatuak lurralde palestinarrean ezartzen dituen mugak blokeatu, itxi eta kontrolatzeagatik. Gazako eraikin guztien %56a suntsitu ditu, ospitale gehienak erabilgaitz utzi ditu, hornidura elektrikorik gabe, ur garbirik gabe eta botikarik gabe, eta horrek milaka pertsonen heriotza ekarri du.
Urtarriletik hona, sartzen ari zen laguntza humanitario urria “izugarri murriztu” dela adierazi dute, eta horren ondorioz, gosez hiltzen ari direla, batez ere haurrak: “Munduko gose maila zorrotzenetan dauden bost pertsonatik lau Gazan daude, eta 300.000 pertsona gosez hiltzen ari dira Gazako iparraldean”.
Gaineratu dutenez, Israelek 17.000 haur umezurtz utzi ditu. “Gazan, eraildako 32.000 gizon, emakume eta haur inguru zenbatu dituzte, eta horiei, hondakinen azpian dauden 8.000 gorpu gehitu behar zaizkie; 13.000 haur erail dituzte; 14.000tik gora, desagertutako haurrak zenbatuta”, azaldu dute.
Hori dela eta, honako adierazpen hau prestatu dute:
1. Donostiako Udalak irmotasun osoz arbuiatzen ditu Israelgo Estatuak Gazako zerrendan zein Palestinako beste lurraldeetan egiten ari den ekintza militarrak, nazioarteko zuzenbidearen urraketa larria dakartenak. Justifikaziorik gabeko erasoa da, eta herrialdearen segurtasuna eta egonkortasuna ahultzen ditu.
2. Donostiako Udalak erasoak berehala gelditzeko eskatzen du, eta Israelgo armada Palestinatik erabat erretiratzeko. Palestinaren subiranotasunerako eskubide osoa eta lurralde osotasuna erabat babesten eta errespetatzen ditu.
3. Donostiako Udalak Palestinari eta hango herriari erabateko elkartasuna eta estimua adierazten die. Bizien galera deitoratzen du, eta atsekabe sakona agertzen du, biktimengatik eta herritarren alferrikako sufrimenduarengatik.
4. Donostiako Udalak Europar Batasunari eskatzen dio beharrezko laguntza finantzarioa eta humanitarioa eskaintzeko Palestinari eta Palestinako herriari, nazioarteko komunitate osoarekin koordinatuta. Larrialdiko erantzun humanitarioan ahaleginak areagotzeko eskatzen du. Israelgo Estatuari gogorazten dio nazioarteko zuzenbide humanitarioa errespetatzeko betebeharra.
5. Donostiako Udalak Europar Batasunari, Espainiako Estatuari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen die, ahalik eta azkarren antolatzeko, eraso militar horretatik erator daitezkeen errefuxiatuak ahalik eta baldintzarik onenetan hartzeko. Eta agintari eskudunen esku jartzen du harrera espazio bat, iragaitzazko migratzaileei zuzendua, behar izanez gero Palestinatik iristen diren errefuxiatu horiei harrera emateko. Halaber, konpromisoa hartzen du harrera duina bermatuko duten espazioak eskaintzeko haur palestinarrei.
6. Donostiako Udalak irmo eskatzen dio Israelgo Estatuari, nazioarteko legedia errespetatzeko, armak baztertzeko eta bide diplomatikoetara itzultzeko.
7. Donostiako Udalak Europako Batasunari eskatzen dio ahalegin handiagoa egin dezala kudeaketa diplomatikoen bidez deseskalatzea bultzatzeko eta bakeari eusteko.
8. Donostiako Udalak Larrialdi Humanitariorako dirulaguntza bat onartuko du, tokian bertan lanean ari den erakunderen batentzat Palestinara modu seguruan helduko dela bermatu daitekeen unean.
9. Donostiako Udalak konpromisoa hartzen du israeldar enpresa, elkarte edo eragileekin harreman komertzial eta instituzional guztiak bertan behera uzteko, presio neurri bezala, Israelgo Estatuak Gazako zerrendaren zein Palestinako beste eremuen aurkako erasoak bertan behera utzi ditzan, okupazioa amaitu dezan, apartheid sistema eraitsi dezan, eta errefuxiatu palestinarren itzulera eskubidea berma dezan.
10. Donostiako Udalak Europako Batasunari, Nazio Batuen Erakundeari eta bestelako nazioarteko eragileei Israeli laguntza humanitarioari sarbidea emateko mugak berehala zabal ditzan exijitzeko eskatuko die.
11. Donostiako Udalak Palestinako bandera Udaletxeko balkoi nagusian eta Urgullen dagoen Donostiako banderaren ondoan jartzeko konpromisoa hartzen du, Palestinako herriarekiko elkartasun keinu gisa.