Gaur jasoko du Ttanttaka konpainiak Donostia Antzerki Saria 'Sexberdinak' lanarengatik
Tanttaka konpainiaren Sexberdinak antzezlanak gaur jasoko du Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta Donostia Kulturaren 24. Donostia Antzerki Saria. Mireia Gabilondok zuzendutako lan hau izan da 2023an helduentzako antzerki konpainia profesional batek euskaraz hirian eskainitako antzezlanik onena. Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta aktoreak dira protagonistak, eta garun-paralisia duen kazetaria eta gozoki saltzaile bat gorpuzten dituzte. Euren bizipen afektibo sexualak inolako konplexurik gabe azaltzen dituzte antzezlan honetan.
Sari honen eskutik, Tattanka konpainiak 12.000 euro eta Aitor Ruiz de Eginoren artelana jasoko ditu. Saria emateko ekitaldia gaur, martxoaren 27an, izango da, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, 19:30ean Viktoria Eugenia Antzokian. Sexberdinak doan ikusi ahal izango da bertan.
‘Sexberdinak’ saridun aukeratzeko arrazoiak
Donostia Antzerki Sariko epaimahaiak hainbat arrazoi eman ditu Sexberdinak antzezlana saritzeko. Epaimahaiaren iritziz, “oso modu egokian” egiten da aniztasun funtzionalaren planteamendua eta aktoreen, zuzendariaren eta erabiltzen diren baliabide eszenografikoen bitartez, “emaitza bikaina” lortu dela azpimarratu dute.
Epaimahaiak balioan jarri du, bestalde, pertsona hauen errealitate afektibo etasexualari buruz antzerkian oso gutxi landutako gaia izatea. “Publikoa maitasunari, sexuari, autoestimuari, konplexuei eta bakardadeari buruz hausnartzera bultzatzen du, eta agerian geratzen dira gutako bakoitzak gaiaren inguruan ditugun ezintasunak eta, aldi berean, aurreiritziak”.
Epaimahaikideen esanetan, “antzezleek konplizitate osoz, indarrez, umorez eta irudimenez beterik taularatu dute lana eta komedia eta drama uztartzeko gaitasun paregabea dutela erakutsi dute. Gai garratza eta deserosoa izaki, trebezia eta ironia handiz erabiltzen dute umorea publikoarengana hurbiltzeko eta horrek erritmo eta arintasun handia ematen dio antzezlanari sakontasun izpirik kendu gabe”.
Eszenografiaren berezitasuna ere nabarmendu nahi izan du epaimahaiak, izan ere, ikusleek gurpil-aulkietan eserita ikusten dute antzezlana.
Lantaldea, pozik
Viktoria Eugenia Antzokian egin dute gaur 24. Donostia Antzerki Saria, eta bertan izan dira Mireia Gabilondo zuzendaria, Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta aktoreak, Kepa Errasti gidoilaria (Iruretarekin batera) eta Fernando Bernues espazio eszenikoaren arduraduna. Haiekin izan dira Norka Chiapusso Donostia Kulturako antzerki programatzailea eta Jon Insausti Kultura zinegotzia ere.
Gabilondok azaldu duenez, antzezlan honen aurretik beste lan bat egin zuten Iruretak eta berak Bilboko Arriaga antzokian: “Maitemindu egin ginen, eta esan genuen zerbait gehiago egin beharko genukeela. Hortik sortu zen Sexberdinak egiteko ideia. Zumaian elkartu ginen laurok, eta erabaki genuen Telmoren ohera sartu nahian, sexuari buruz hitz egin nahi genuela kasu honetan. Bi pertsonaia ditugu, ez garela hain desberdinak esan nahi izan genuelako, eta uste dut asmatu dugula”.
Iruretaren arabera, ikusleak “barre dezente” egiten du antzezlana ikusterakoan, “komikoa delako”. “Baina baditu oso momentu serioak ere, gai indartsuagoak hizpide ditugunean. Orduan, hunkitu ere egiten dira. Batzuek barre egiten dute, eta gero negar… Bizitza, berez, hori da; ezta? Momentu batzuk oso alaiak dira, eta gero bajoiak etortzen dira. Baina negar egitea ere ondo dago”, esan du Iruretak.
Garmendiak nabarmendu duenez, antzezlanaren inguruko iritzi ugari jaso dituzte: “Gurpildun aulkian dagoen jendea izan da egia handienarekin gerturatu zaiguna. Oso hunkituta etorri zaigu, eta eskertu digu umoretik gai hori landu izana. Nik uste dut norberarentzat ere askagarria dela hori sentitzea, eta umoretik gai hori tratatzeko gai izatea. Mezu politenak pertsona horien ahotik iritsi zaizkigu, egia esan”.