Ancorak Muebles Eceiza saltokiaren aurrealdea desegitea deitoratu du
Ancorak azaldu duenez, Sabadell Bankuak sustatutako higiezinen proiektuak Muebles Eceiza merkataritza lokal historikoaren aurrealdea eraistea aurreikusten zuen, haren ordez garaje robotizatu baten sarbidea jartzeko. Ancorako kideek diotenez, gutxienez bi koloretako marmolezko frontispizioari eusteko eskatu zuten kideek orduan, aparkalekuaren erabilerarekin bateragarria zela berretsi ostean. Diotenez, hirigintza Sailak aurrealdea bere horretan mantentzeko “konpromisoa” hartu bazuen ere, udalak ez du bere hitza bete.
Ancorako kideek azaldu dutenez, aparkalekuaren lanetan udalak ez du marmolezko ondarea babesteko “inolako neurririk hartu” eta hori horrela, “Muebles Eceizaren aurrealde historikoa osorik galdu da”. El Diario Vasco egunkariak jaso duenez, ordea, aurrealdea berriz ere zegoen bezala muntatuko dute. Gauzak horrela, Ancorak azalpen bat eskatu dio Nekane Arzallus zinegotziari eta ohartarazi dute, “birsortzea” eta “kontserbatzea” ez direla gauza bera.
Diotenez, Donostiako Udalarekin hitz egin dute Cortazar zabalguneko aurrealde mordoa aldatzen ari direlako: “Aldaketa horiek birgaitze integralez mozorroturik daude, baina, egia esan, etxebizitzen kopurua biderkatzera bideratuta daude, milioi askoko gainbalioak lortuz”. Ondarearen babeserako elkarteak adierazi duenez, atari historikoen eta saltoki tradizionalen “suntsiketarekin”, hiriak bere “nortasuna” galtzen du. Elkarteak berriro deitoratu du saltoki historikoen babesgabetasuna, bai eta hiri multzoaren benetakotasuna “arriskuan jartzen duten etengabeko eraisteak eta errespeturik gabeko jarduerak ere”.
Muebles Eceiza
Muebles Eceiza saltokia Antonio María Eceiza Aranzabek sortu zuen, 1868an. Bere seme Fulgenciok, ebanista izan behar zuenak, bideratu zuen pixkanaka altzariak saltzera. Antonio hil ondoren, Petra Latast Altamira bere bigarren emaztea, negozioaren buru jarri zen bere 5 seme alabak aurrera ateratzeko.
1924an 9an kokatu ziren Elkano kalean. Hiriko saltoki zahar eta enblematikoenetako bat zen, eta bertako gaiei buruzko argitalpen askotan jasotzen da haren historia. Hori horrela, Ancorak Donostian behin eta berriz geratzen diren lokal historiko bakanak katalogatzeko eskatu du, balio historiko- arkitektoniko nabarmena zuela iritzita. Saltokiak jarduera bertan behera utzi behar izan zuen duela hiru urte, Gipuzkoa Plazaren eta Elkano kalearen arteko angeluan zegoen higiezina erabat husteari ekin baitzitzaion.