Aspargik jardunaldiak antolatu ditu Parkinson gaixotasuna ikusarazteko
Parkinsonaren Munduko Eguna dela eta, apirilaren 11n, Gipuzkoako Parkinson Elkarteak, Aspargik, jardunaldiak antolatu ditu herritarrak gaixotasun neurodegeneratibo horren inguruan kontzientziatzeko asmoz.
Elkartetik jakinarazi dutenez, gaixotasun hori “oso ezezaguna da paziente zein senideen artean”. Horregatik, jardunaldiak askotarikoak izango dira, eta parkinsona duten pertsonei, haien senideei edo interesa duten pertsonei zuzenduta egongo dira.
Jardunaldiak
Apirilaren 8an, astelehena, hitzaldi bat antolatuko da Donostiako Okendo kultur etxean, Haritz Gurruchaga farmazialari eta psikoneuroinmunologoaren (PNIE) eskutik, digestio aparatuaren eta parkinsonaren arteko harremanari buruz hausnartzeko.
Asteartean, hilak 9, Donostiako Ospitalean hitzaldi bat emango dute Javier Ruiz eta David Campos doktoreek, Donostia eta Bidasoako ESIko neurologoek, parkinsona duten pazienteen martxa alterazioei buruz duten esperientzia eta ezagutzak partekatzeko.
Apirilaren 10ean, Txara eraikinean, laguntza teknikoen tailerra eskainiko du Ortopedia Sumisanek; apirilaren 11n, berriz, Parkinsonaren Munduko Eguna ospatuko da Donostiako Loiola kalean, ‘Mugi zaitez gurekin’ jardunaldian.