Chourraut eta Etxaniz, Olinpiar Jokoetatik gero eta gertuago
Maialen Chourrautek eta Pau Echanizek abantaila hartu dute Olinpiar Jokoetarako bidean. La Seu d ‘Urgellen hautapen nazionalaren lehen zatian lehiatu dira asteburuan eta K1ean tartea hartu diete aurkariei. Bosgarren Olinpiar Jokoak izango lirateke Chorrautenak, baina ohi moduan, zuhurtzia izan da nagusi Donostiako Atletikoko kirolariaren sentsazioen artean. Lasartearrak hiru jaitsiera irabazi zituen K1 kategorian, eta Laia Sorribes aurkari zuzenaren aldaketa handi batek baino ezin izango dio kendu Parisko txartela datorren astean.
Gizonezkoen kategorian, ordea, estuago lor dezake txartela Pau Etxaniz donostiarrak. Aurretik doan arren, tartea txikiagoa atera dio, atzetik duen David Lorente aurkariari; Donostiako Atletikoko palistak hiru jaitsieratik bi irabazi zituen, aurkariak berriz bat: lehen jaitsieran, 1,20ra izan zuen Lorente; bigarrenean berriz, Etxaniz sailkatu zen bigarren, Lorentetik 0.10ra; eta, hirugarrenean, aldiz, Etxaniz garaile izan zen berriz ere, aurkari zuzena 0.20ra izanda.
Hautaketa prozesuan parte hartzen duten kirolariek sei jaitsiera egin behar dituzte orotara, eta horietatik lau denbora onenak batzen dira. Pasa den asteburuan, lehen hiru jaitsierak egin zituzten, baina tentsioak bere horretan jarraituko du datorren asteburura arte. Izan ere, datorren igandeko azken hiru jaitsierekin erabakiko da zeintzuk diren Paris 2024 Olinpiar Jokoetan lehiatuko diren kirolariak.