Garaipen garrantzitsua Realarentzat Mendizorrotzan
Garaipenak eskuratu dituzte azken jardunaldian Realeko mutilek eta Gipuzkoa Basketek, eta porrotak Realeko neskek eta Ibaeta Basketek.
Abantaila minimoarekin, baina garaipena eskuratu zuten Realeko mutilek igandean Alavesen etxean, Jon Pacheco atzelariak 59. minutuan buruz sartutako golari esker. Partida bikaina egin zuten Pachecok eta Zakharyan erdilariak, eta bien eskutik heldu zen gola: errusiarrak egin zuen kornerreko erdiraketa eta Elizondokoak errematatu zuen. Hiru puntu oso garrantzitsu Realarentzat, Europako postuetan jarraitzeko.
Realeko neskei dagokienez, larunbatean jokatu zuten Sevillaren etxean, eta 4-2 galdu zuten. Txuri-urdinak 0-3 galtzen ari ziren 35. minuturako, eta dena aurka zutela bazirudien ere, distantziak murriztea lortu zuten 65. minuturako, Emmaren eta Franssiren golekin. Ordea, saiatuta ere, ez zuten berdinketaren gola egitea lortu, eta Sevillak laugarrena egin zuen 85. minutuan. Ligako zortzigarren postuan daude txuri-urdinak, eta urruti dituzte goiko postuak.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek 65-60 galdu zuen Ferrolen etxean ostegunean, eta hamargarren postura arte jaitsi da ligako sailkapenean. Aldapan gora jarri zaie donostiarrei denboraldiko azken txanpa, baina oraindik badute erreakzionatzeko eta sailkapenean gora egiteko parada.
Gipuzkoa Basketi dagokionez, Melillaren aurka 88-80 irabazi zuen igandean, partida bikain baten ostean. Horrela, ligako seigarren postuan daude, eta bukaerara arte borrokatuko dute goiko postuetan amaitzeko, oso estu baitago lehenengo zortzien arteko lehia.
PARTIDAK
Futbola
Gizonezkoen liga, 30. jardunaldia
- Alaves 0 — Reala 1
Emakumezkoen liga, 22. jardunaldia
- Sevilla 4 — Reala 2
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 26. jardunaldia
- Ferrol 65 — Ibaeta Basket 60
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 27. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket 88 — Melilla 80