27.000 parte hartzailetara mugatuko dute Behobia-Donostia lasterketa
Gaur, apirilak 3, ireki dute 59. Behobia-Donostian izena emateko epea.
Behobia-Donostia lasterketa 27.000 parte hartzailetara mugatuko du aurten Fortuna klub antolatzaileak, tren zerbitzuen murrizketengatik. Izan ere, antolatzaileek azaldu dutenez, “tren bidezko garraioak lasterketaren antolakuntzan funtsezko papera du, parte hartzaileen %50ak trena erabiltzen baitu irteerara joateko, Euskotrenen eta Renferen bidez. Zerbitzua antolakuntzatik eskatutako errefortzuekin ematen da eta gaur egun ia ez dago modurik zerbitzu hau handitzeko. Aurten, Donostiatik Irunera egiten ari diren abiadura handiko trenaren Loiola eta Kaputxinos tuneletako lanek, Renferen zerbitzua nabarmenki murriztu egingo dute eta horrek zuzenean eragingo dio lasterketari. Egoera honek ez du bermatzen azken urteetako parte hartze kopuruekin garraio eroso eta seguru bat izatea”.
Horrela, azken urteotan baino 3.000 parte hartzaile gutxiago izango ditu 2024ko Behobia-Donostiak, hainbat urte baitaramatza lasterketak 30.000 lasterkariren langarekin. Tren zerbitzuen murrizketekin lotuta, bestalde, ordutegian ere aldaketa batzuk egingo ditu Fortunak: “Lasterketa hamabost minututan aurreratuko da tren zerbitzua handitu ahal izateko. Hauek izango dira irteera orduak: 9:15ean gurpildun aulkiak eta esku bizikletak, 9:20ean patinatzaileak eta 9:40ean lehen korrikalariak”.
Bestalde, ibilbidean aldaketa bat ere egingo dutela jakinarazi dute, abiadura handiko trenaren lanengatik, baita ere: “Irungo Bentetan, Elizatxo hiribidean, ohiko ibilbidean dagoen zubia eraitsi da eta lasterketa Letxunborro hiribidetik 220 metro inguru desbideratu egingo da. 2014an ibilbide aldaketa egin zenetik, lasterketak 20 kilometro zehatz izan ditu, eta orain, beraz, 20 kilometro eta 220 metro izango ditu. Desbideraketa hau gutxienez bi urtez egin beharko da. Etorkizunean zubia berriz eraikitzea aurreikusten da, oinezkoentzat soilik, baina espero da lasterketa berriz bertatik pasatu ahal izatea”. 59. Behobia-Donostian parte hartzeko izen emate epea gaur, apirilak 3, ireki dute, eta hemen eman daiteke izena.