Donostiak 325 espezietako 146.000 zuhaitz ditu
Udalak aurkeztu berri duen Donostia Botanika planean jasotakoaren arabera, urtean 2,5 milioi euroko ekarpena egiten dio natur ondareak hiriari.
Udalak Donostia Botanika hiriko zuhaitzen plana aurkeztu du, ingurumena babestu eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko asmoz. Azken urteotan garatutako plana da eta zuhaitz ondarea babesteko eta sustatzeko lan ildo eta protokoloak jasotzen ditu. Ondo bidean, dokumentu guztiak apirilaren 15ean sartuko dira indarrean.
Carlos Garcia eta Juantxo Marrero Hiri Mantentze eta Ekologia zinegotziak adierazi dutenez, Donostia Botanika hiriko zuhaitzen azterketa sakon batean oinarritu dute, ondoren indarrak, gabeziak, eta mehatxuak identifikatzeko. Egindako lanketa horretatik jasotako datuen arabera, hiriko natur ondarea 146.000 zuhaitzetatik gorakoa da —hiriko azaleraren %60,7— eta 325 espezie daude: “Gure hiria, agian, penintsula osoan zuhaizti gehien dituen hiria da”.
Zehaztu dutenez, natur ondare horren ia 80.000 zuhaitz hirigunean daude eta espeziei dagokionez, platano zuhaitza da ugariena. Zerrenda horretan ere urkia, ezkia, tamariza, eta lizarra dira nagusi, baian “bakar batek ere ez du gainditzen guztizkoaren %7” eta horrek, azaldu dutenez, egiten du Donostia, hain anitza.
Zinegotziek azaldu dutenez aurkeztutako dokumentuak, Donostia “biodibertsitatearen ikono” bihurtzeaz harago, natur ondarea babesteko beharra jartzen du agerian. Izan ere, zuhaitzek, klima aldaketara egokitzeko eta haren ondorioak arintzeko “zeregin garrantzitsua” dute eta era berean, mesede egiten diete herritarrei: “Zuhaitzek hiriari egiten dioten onuraren balioa urtean 2,5 milioi euroko adela balioztatzen da, kontuan hartuta gaixotasunen eta heriotzen prebentzioa,airearen kalitatearen hobekuntza, eta uholdeen prebentzioa”, azaldu du Marrerok.
Hori horrela, hamabi helburu nagusi ezarri dira, herritarren osasuna eta bizi kalitatea hobetze aldera, eta bide horretan 35 lan estrategia eta 50 jarduera zehaztu dituzte datozen hamar urteetarako: “Naturan egindako inbertsioa oso mesedegarria da. Agerian jartzen dituzte zuhaitzek hirietan sortzen dituzten onurak eta aldi berean, Donostia nazio mailako erreferente bilakatzen du”. Bide horretan, herritarren kontzientziazioa bilatzeaz gain, hiria paisaiaren ikuspegitik hobetu, eta korridore berdeak eta babesleku klimatikoak sortuko dituzte.