«Euskal musika popularra gizonen errealitatera mugatu da»
1990eko hamarkadatik gehien entzun diren abestien hitzak aztertu ditu Landak doktoretza tesian. Dimentsio pertsonala sozialari gailendu zaiola ondorioztatu du.
Asko idatzi da euskal kantagintza berriaz, zer esanik ez Euskal Rock Erradikalaz, baina gutxi, oso gutxi, euskal musika popularraz. «Hutsune» hori bete nahian heldu dio Marina Landak (Donostia, 1993) gaiari, eta aspalditik zuen jakin-mina doktoretza tesiaren helburu bilakatu zuen. Zer komunikatu du Euskal Herrian 1990az geroztik sortutako musika mainstream-ak? Galdera batek sortutako beste galdera mordo batekin ondu du Euskal musika popularraren komunikazioa. Generoa, lurraldetasuna eta hizkuntza 1990etik 2019rako abestietan izeneko tesia.
Gaztea irratian gehien entzun diren Euskal Herriko taldeen 301 abestiren hitzak ikertu ditu tesian, eta hainbat ondorio atera. Hiru azpimarratu ditu Landak: dimentsio pertsonala sozialari gailendu zaiola azken 30 urteotako Euskal Herriko herri musikan; lotura dagoela aldarrikapenen eta euskararen artean; eta entzun diren kanta ospetsuenetan gizonen ikuspegia nagusitu dela. Ondorioekin batera, zalantza bat: «oso konplikatua» egin zaio euskal musika popularra zer den definitzea.
Zergatik 301?
Mila bat kanta aztertu nahi nituen hasieran, ikerketa eremua 2020. urtera zabaldu nahi nuelako, baina gehiegi ez ote ziren galdetu nion neure buruari. Izan ere, pertsona bakar batek mila kanta banan-banan aztertu eta prozesatzea oso nekeza da. Gaztea irratiko artxiboetan sakondu nuenean, erabaki nuen lagin txikiagoa aukeratzea, kanta asko ez direlako Euskal Herriko musikaren historiara pasatu. Hala, astez aste eta urtez urte gehien entzun diren kantak aztertu nituen.
Eta zergatik Gaztea irratikoak?
Euskal Herriko musika popularra definitzea zaila da, esanahi ugari dituelako, akademikoki modu askotan uler daitekeelako. Nik irizpide edo erreferente bat behar nuen kantak aukeratzeko, eta Euskal Herrian azken 30 urteetan gehien entzun diren abestien isla bada Gaztea irratia.
Hiru aldagai nagusi aztertu dituzu: generoa, lurraldea eta hizkuntza. Generoari dagokionez, emakumeei eta gizonei atxikitako rolak eta harreman erromantiko afektiboak ikertu dituzu, eta ondorio batera iritsi zara: emakumezkoen pertsonaiak oso estereotipatuak egon dira.
Aitortuko dut ez nuela espero horrenbeste estereotipo aurkitzea. Sarritan gure kultura eta gizartea jainkotzera jotzen dugu, eta pentsatzen dugu gurean ez direla zenbait gauza gertatzen. Baina betaurreko moreak jantzita ikertu ditut kantak, eta ohartu gehienak ikuspegi maskulino batetik jorratu direla. Honekin ez dut esan nahi matxistak direnik, baina bai esperientziak, desirak edo bizipenak gizonenak direla. Beraz, beste lurralde eta kultur adierazpenetan gertatzen den bezala, euskal musika popularra ere gizonen errealitatera mugatu da.
Elkarrizketa hau Berria-tik ekarri dugu CC lizentziei esker. Hemen jarraitu dezakezue irakurtzen.