«Arte galeriok artistak sustatzen ditugu, gehienetan tokikoak»
Donostiako Arte Garaikideko Galerien Elkartea (DAGGE) sortu zuten pandemiaren bueltan hiriko hainbat galeriak, elkarlanean arituta indar handiagoa dutela konturatu ostean. Gizartean presenteago egotea eta erakundeen aldetik babes handiagoa jasotzea dira euren helburu nagusiak, eta artea sustatzeko egitasmoak antolatzen dituzte. Elkarteko kide diren bi galeriatako arduradunekin hitz egin dugu: Arteko galeriako Cristina de la Fuenterekin (Gros, 1959) eta Ekain galeriako Rita Unzurrunzagarekin (Zarautz, 1967).

Nondik dator elkartea sortzeko ideia?
Rita Unzurrunzaga (R.U.): Elkartea pandemiaren testuinguruan jaio zen, gizartean ikusgarritasun handiagoa edukitzeko eta erakunde publikoen babes handiagoa izateko ideiarekin. Gaur egun, bost galeria gaude elkartean: Arteko, Arteztu, Cibrian, Ekain eta Villa Magdalena.
Erakunde publikoetatik babes handiagoa jaso nahi duzuela diozue. Elkartea sortu duzuenetik harremana izan duzue erakundeekin?
Cristina de la Fuente (C.F.): Bai. Tarteka bilerak izaten ditugu, eta orain, hain justu, Irekiak egitasmoaren laugarren edizioa antolatzen ari gara. Gogo handiz hasi ginen Irekiak antolatzen, baina azkenaldian pixka bat hankamotz gelditu gara, bereziki, Altxerri galeria itxi dutelako berriki. Galeria mitiko bat zen, eta min handia egin digu itxierak.
Elkartea sortu aurretik bazegoen harremana hiriko arte galerien artean?
R.U.: Harremana geneukan, bai, eta aurretik egon zen elkartea sortzeko ideiaren bat; Galeria 16 zeramanak, Gonzalok, bazuen ideia hori, baina ez zen inoiz gauzatu.
C.F.: Oso galerista ona zen Gonzalo. Baina ni Artekorekin hasi nintzenean, gogoratzen dut esan zidala oso zaila zela elkartea sortzea, betikoa gertatzen delako, norbaitek hartu behar duela dena koordinatzeko ardura. Eta nahikoa du gutako bakoitzak bere galeria kudeatzearekin.
R.U.: Elkartea mantentzeak lana eskatzen du, bai. Azken finean, gu autonomoak gara, eta gure galerietan saltzen ditugun artelanetatik bizi gara.
«Gogo handiz hasi ginen Irekiak antolatzen, baina azkenaldian pixka bat hankamotz gelditu gara, bereziki, Altxerri galeria itxi dutelako berriki»
Orain bai lortu duzuela elkartea martxan jartzea.
R.U.: Bai, eta nahiko ondo koordinatzen gara. Egia da pandemia inflexio puntu bat izan zela, hor konturatu ginelako benetan elkartu behar ginela aurrera egiteko.
Beste edozein galeriak elkartearen parte izan nahi badu, gure ateak irekita daude, baina kontuan izan behar da gure galeriak hainbat artista ordezkatzen dituzten galeriak direla, eta, beraz, artista baten erakusketa espazio propioak edo artea beste gauza batzuekin nahasten dituzten espazioak ez datozela bat gure elkartearen filosofiarekin. Horrez gain, gutxienez bi urteko ibilbidea izan behar dute elkarteko galeriek.
C.F.: Hobeto funtzionatzen dugu taldean, bai. Kontraesan horretan mugitzen gara: bakarrik egin behar dugu lan gure galerietako bakoitza aurrera ateratzeko, baina, era berean, ez baduzu taldean lan egiten oso zaila da aurrera egitea.
R.U.: Elkarte gisa antolatuta gaudenetik, ikusi dugu erakundeek gehiago ikusten gaituztela.
Altxerri galeriaren itxiera aipatu duzue, eta, hain zuzen ere, kolpe gogorra izan da hiriko kulturarentzat. Nola eboluzionatu du Donostiako arte galerien panoramak?
C.F.: Hasteko, nik nabaritzen dut guk ez diogula inoiz uzten tokiko galeria bat izateari, nahiz eta nazioarteko artistak ekarri. Eta bezero potentzial asko ez dira tokiko galerietatik mugitzen, gehiago mugitzen dira Madriletik, Bartzelonatik eta azoka handietatik.
Bestalde, badirudi klase ertaina desagertzen ari dela, eta alde batetik gero eta pobrezia handiagoa dagoela eta beste aldetik gero eta aberastasun gehiago. Orduan, galeria handiek bildumazale aberatsekin eta oso artista ezagunekin egiten dute lan, eta asko saltzen dute, bai, noski. Ordea, gure lana gehiago da artista ez hain ezagunak ezagutaraztea. Eta nik nabaritzen dut desagertzen ari direla lehen nituen bezero asko, klase ertainekoak zirenak, eta tarteka koadroren bat erosten zutenak. Orain, tarteka grabaturen bat edo halako artelan txikiren bat saltzen duzu, baina pieza handiak soilik erakundeek eta bildumazale handiek erosten dizkizute, eta hemen, tamalez, ez dago bildumazale handirik.
Horrez gain, gaur egun edozein artistak bere webgunea duenez, jende askok nahiago izaten du galerian ikusi duen koadroa webgunetik erosi. Izan ere, jendeak uste du koadroak merkeagoak direla artistaren tailerrean edo webgunean, galerian baino. Eta ez da hala, prezioa berdina izaten da. Kontua da galeriak plataforma gisa balio diola artistari, eta, beraz, artistaren eta galeriaren arteko elkarlana sustatu behar da.
«Nabaritzen dut desagertzen ari direla lehen nituen bezero asko, klase ertainekoak zirenak, eta tarteka koadroren bat erosten zutenak»
R.U.: Hainbat urtez kanpoan bizi ondoren, 2005ean iritsi nintzen Ekain arte galeriara, eta, garai hartan, egiten zenuen erakusketa egiten zenuela, dena saltzen zen. Oparoaldiaren garaia zen, eta hemengo klase ertainak erosten zituen artelanak. Krisiarekin, ordea, hori guztia erori egin zen, eta nik, adibidez, hizkuntzak dakizkidalako eta nagoen tokian nagoelako biziraun dut [Parte Zaharrean dago Ekain galeria]. Bestalde, artearen merkatuan garrantzia handia dauka galeristaren eta bezeroaren arteko konfiantzak, eta, hain zuzen ere, nire osabaren bezeroak ziren asko ondoren ez dira nire bezeroak izan [Unzurrunzagaren osabak ireki zuen Ekain galeria].
Zein da egungo bezeroen profila?
R.U.: Nire kasuan, Bizkaiko bezero gehiago ditut, hemengoak baino. Turistei dagokienez, gehienak datoz gastronomiaz gozatzeko asmoarekin, baina batzuek badute artearen inguruko interesa eta artelanak erosteko ahalmena. Baina gehienetan galerian bertan saltzen dut, Internet bidez ezer gutxi.
Bestalde, nabarmendu behar da Euskal Herrian oso artista onak ditugula, nazioarteko bezeroak erakartzeko gai direnak. Historikoki gertatu izan den zerbait da hori, bereziki eskulturaren arloan.
Zer paper jokatzen dute arte galeriek hiri bateko kultur panoraman?
C.F.: Oso garrantzitsuak dira. Izan ere, arte galeriok artistak sustatzen ditugu, eta, gehienetan, tokiko artistak dira sustatzen ditugunak. Horrek lan handia eskatzen digu, eta uste dugu erakundeek ez digutela nahikoa babes eskaintzen.
Irekiak egitasmoa aipatu duzue. Zertan datza?
R.U.: Denboraldiaren irekiera da. Udazkenean egiten dugu, eta asteburu batean elkarteko bost galeriak ordutegi zabalagoekin eta ekitaldi bereziekin irekitzen ditugu. Egitasmo horretan udalaren babesa jasotzen dugu, adibidez.