Babes horma
Kristal apurtua dut parean eta zer idatziko dudan zain dago. Argazki hau, besteen artean aukeratu dut, ustez batzuetan horrela sentitzen naizelako: zutik eta tente, baina hauskor eta zaurgarri. Edo alderantziz: hauskor eta zaurgarri, baina zutik eta tente. Apurtzeko ezer gutxi geratzen zaio, antza.
Egoera zailenetan, tristeenetan, antsietate gehiago sortzen didaten horietan, jakin badakit ez naizela guztiz apurtuko. Arazoei, bizipenei eta hauek guregan eragiten duten sentimenduei aurrez aurre atenditu behar zaielako. Aurrez aurre. Begirada leun eta enfokatuarekin.
Emozioak eta barneko zurrunbiloak egiten gaituelako bizidun eta horrela sortzen ditugulako bizipenak; izan ere, gure sentimenduak ez dira ez onak ez txarrak, nahiz eta klasifikatzen ditugun, une oro. Baina sentimenduak horixe dira, eta besterik ez dira.
Horien gaineko eta inguruko kudeaketa da okerrago edo hobeto egin dezakeguna. Sentitzen dugunari erraparatzen badiogu, gai izango gara beharrak eta mugak identifikatzeko eta ondokoari plazerez eta plazeretik komunikatzeko. Eta horrela, kristala bezala, krak batzuekin bada ere, gure babes hormak gardena izaten jarraituko du.