«Lanean ikasten da bizikletak konpontzen»
Bidean bizikleta tailerra zabaldu berri du Julen Boschek Loiolan (Antigua, 1992), Sierra de Aloña kaleko 7 zenbakidun atarian. Lokala erosi, eta berak egin ditu dendako altzairu gehienak; guztia prest du mota guztietako bizikletak konpontzeko. Sektorean esperientzia du Boschek, eta Donostiako merkatua ezagutzen duenez, une egokia iruditu zaio Loiolan tokiko merkataritzari bultzada berri bat emateko.
Bizikletak konpontzeko tailer bat zabaldu duzu Loiolan. Nola sortu zen proiektu hau?
Urte dezentez aritu naiz mekanikari gisa lanean. Esperientzia dudanez eta komertzialak, bezeroak eta Donostiako merkatuaren egoera ezagutzen ditudanez, pentsatu nuen agian bazela momentua nire proiektu propioa sortzeko.
Donostiako merkatua ezagutzen duzula esan duzu. Nola baloratuko zenuke?
Merkatu irekia da, eta oraindik badago tokia zerbait berria jartzeko. Izan ere, une honetan Donostian dauden dendek urte dezente daramatzate zabalik. Zentzu horretan, sektorea geldirik egon da, dendak betikoak direlako, eta baita bezeroak ere. Hori aldatu nahian erabaki dut nire negozioari ekitea.
Zergatik Loiolan?
Loiolak baditu ezaugarri berezi batzuk. Donostiako kanpoaldean dagoen auzo bat da, eta beti izan du identitate oso markatua; Loiolako jendea beti izan da oso Loiolakoa, eta horrek interesgarri egiten du auzoa. Gainera, lokal hau toki bikainean dago. Duela urte batzuk berritu zuten etorbide oso handi batean kokatzen da, eta asko ikusten da. Horrez gain, Loiola pixka bat periferian dagoenez, errazagoa da bertara autoz iristea, Donostiako erdigunera baino.
Noiz hasi zinen lokala muntatzen?
Urrian hitz egin nuen jabearekin, lokala erosi nuen, eta badira bospasei hilabete dena muntatzen hasi nintzela. Lokala ikusi nuenean, nola muntatu nahi nuen pentsatu nuen, eta nik neuk egin dut guztia. Orain arte ez dut sekula obrarik egin, baina ahalmen ekonomiko handirik ez dudanez, altzariak neuk egitea erabaki nuen. Laguntza handia izan dut, baina egurrarekin lan egiten ikasteko eta metala lantzen ikasteko aukera ere eman dit esperientzia honek. Hala ere, gauza batzuk kanpotik ekarri ditut. Adibidez, argi nuen bizikletentzat dutxa bat eduki nahi nuela dendan, zerbitzu on bat emateko bizikletak garbitu egin behar direlako. Eta dutxaren bila Gijonera joan nintzen, furgonetarekin.
«Bizikleta tailer bat gertuko gauza bat da, auzotarrentzat eta herritarrentzat, mundu guztia ibiltzen delako bizikletan»
Bizikletak konpontzearen inguruko ikasketarik baduzu?
Ez. Egurrarekin bezala, hori ere lan egiten ikasi dut. Ordu estra asko egin ditut nire lehengo lanetan, eta horrela ikasi dut. Bizikletena mundu bitxia da, izan ere, bizikletaren mekanikak ez du bi urteko goi mailako ziklo bat egiteko adina material ematen, ezin delako hori bizikletekin soilik bete. Madrilen eta Bartzelonan badaude horren inguruko ikastaro trinkoak, baina benetan ikasteko beharrezkoa da lantegi batean sartu eta lan egiten ikastea.
Zein lantegitan aritu zara lanean zure proiektua sortu aurretik?
Lehen, Igaran bagenuen Bidegorri izeneko denda bat, eta jabea eta ni aritzen ginen bertan. Urte dezentez egon zen zabalik, baina gero, Sergio izeneko katalan bati saldu zion jabeak. Nik bi hilabetez beste tailer batean egin nuen lan udan, eta ondoren, Sergiori nire curriculuma utzi nion. Kontratatu egin ninduen, eta lau urte eman nituen bertan. Ondoren, Giant enpresan aritu nintzen lanean, bi urtez.
Zein zerbitzu eskainiko dituzu zure lantegian?
Mekanika guztiak lantzen ditut. Noski, hasiera batean eskainiko dudana eta hemendik hilabete batzuetara izango dena ez dira gauza bera izango. Azkenean, oraintxe sortu dut tailerra, neuk sortu dudan lehen proiektua da, eta eboluzioa konstantea izango da oraindik. Baina bizikleta guztiak konpondu ditzaket hemen; bai hiriko bizikletak eta baita kirol bizikletak ere (errepidekoak, mendikoak, elektrikoak, eta beste).
Jendeak badu ohitura dendetara joateko bizikletak konpontzera?
Bai, oraindik badago tailerren beharra. Jendeak konpondu dezake, eta konpontzen du, bere bizikleta etxean. Eta nik animatzen dut jendea hori egitera, oinarrizko mantenua egitea, berez, erraza delako. Hala ere, egiten ez dakizkiten gauzak egiteko gaude gu, eta jendeak badu horretara etortzeko joera.
Nolako auzoa da Loiola zure ustez?
Badirudi berriz berpizten ari dela, nolabait. Egia esan, Loiola nahiko urruti izan dut orain arte. Antiguakoa izanik, Loiolan gutxi ibili naiz, baina lehen Zorroagan bizi nintzen lagun batzuekin, eta batzuetan jaisten ginen Loiolako tabernetara zerbait hartzera. Hala ere, sozialki ez naiz sekula auzoan sartuta egon. Donostian, inbertsio gehienak erdigunean egin izan dira beti. Turismoa hirian diru sarrera oso indartsua da ekonomikoki, eta erabaki asko horretan zentratuko dira beti, periferia albo batera utzita. Horrek Loiolari bigarren mailako plano bat eman dio, baina 1980ko eta 1990eko hamarkadetan nahiko auzo rockeroa izan da, eta iruditzen zait orain pixka bat berpizten ari dela. Orain arte, Loiolan ez da tokiko merkataritza handirik egon, eta nik oinarrizko gauzak erosteko Amarara joan behar izaten dut askotan. Baina, orain, udala ari da Loiolan ere inbertsioa egiten. Lorategi Hiria eraikitzen ari dira, eta etxebizitza guztiak saldu dituzte. Ikusiko dugu horrek nolako eragina izango duen auzoan. Nik uste dut aldaketa ekarriko duela, eta auzoan merkataritza gehiago izango dugula.
Etorkizunean proiektuari beste buelta bat emateko asmoa duzu?
Bai, noski, hau edozein gauza egiteko plataforma bat da. Lokala erosi egin dut, eta horrek nahikoa askatasun ematen dit nahi dudana egiteko. Bizikleta tailer bat gertuko gauza bat da, auzotarrentzat eta herritarrentzat, mundu guztia ibiltzen delako bizikletan. Horrek aukera ematen dit lan soziala egiteko, Gobernuz Kanpoko Erakunde txiki bat sortzeko, adibidez. Izan ere, duela bi urte Serbian egon nintzen GKE txiki batekin errefuxiatuei laguntzen, eta Lesbos irlan ere egon naiz beste GKE batekin mekanika lantzen. Nepalen ere aritu nintzen lan boluntarioa egiten, eta sekulako esperientzia izan zen.