Oinordetza pozoituarena
LE SUCCESSEUR
Zuzendaria: Xavier Legrand.
Urtea: 2023.
Herrialdea: Frantzia.
Orain arteko azken filma zuen Jusqu ‘à la garde (2017) aztoragarria buruan zarataka dugula oraindik —Europako Film Onenaren Publikoaren Saria eskuratu zuen 65. Donostia Zinemaldian, besteak beste—, espero zitekeen Legrand bere berariazko intentsitatearen eskutik itzultzea. Lan hartan heldutako indarkeria mota berari eutsita, oraingoan ere espazio, instituzio, konstruktu edo, hala badagokio, familia deitzen den egitura hori du hizketagai, eta ez du hutsik egin. Harengandik espero dena tentsio handiko film bat izaki, horrelakoxea da Le successeur: erraietatik ateratakoa.
Alexandre Postelen L’Ascendant eleberritik abiatuta, drama gisa aurkeztu du zuzendariak, baina tarteka ere thriller itogarri eta psikologiko baten osagaiak ditu: Elias Barnes Parisko moda etxe ospetsu bateko zuzendari artistiko izendatu berri dute. Bere bilduma berria aurkezteko zorian dagoela, ordea, bularreko mina sentitzen hasiko da. Horretan dela, Montrealera itzultzeko deituko diote, bihotzekoak jota hildako aitaren hileta antolatzeko.
Lehen minutuetatik —moda ikuskizun liluragarri bat irudikatzen duten horiek— antzeman dezakete ikusleek filmaren konbentzionalismo eza: eszenaratzea, erritmoa eta musika dira —halako edertasun, distira eta sofistikazio erakustaldiaren ondoren— zerbait uherra, tragikoa eta asaldagarria etorriko denaren lehen adierazleak.
Jaioterrira itzultzen denean deskubrituko du bihotz ahul bat baino askoz okerragoa den zerbait jaso duela oinordetzan, eta orduantxe, pozoitutako ondareari aurre egin behar dionean, helduko dira izugarrikeria eta arnasestua. Eta, noski, horrorearen eskutik ere orotariko inpresioak.
Hainbatek zuzendariaren berpizkundea eta trama estimulatzaileenetako bat aurkitu duten irudietan, komedia inboluntario bat ikus dezakete beste batzuek. Eta nik, indarkeria matxistaren kiribil beltza. Maldan behera dabilen harria, dramaren eta thrillerraren artean zabuka, ustekabeko gidoi kolpeekin ikuslea harritzeko pretentsioa duena. Gizonaren galbidea, bere arrakastaren gailurretik imajina daitekeen deshumanizazio maila lazgarrienean amiltzeraino.
Narrazioa jakin-minez jarraitu dudala ukatuko ez dudan arren, kosta egingo zait honek eragindako egonezina gainetik kentzea. Eta ez dakit Legrandek lanak horrenbeste merezi duen…