Hiru urteko haur bat hil da asteburuan, auto batek harrapatuta

Amorrua eta samina dira nagusi Antiguan, larunbat gauaz geroztik. Hiru urteko mutiko bat hil zen larunbatean, Matia kalearen atzealdean, auto batek harrapatuta. Iluntzeko zortziak aldera jazo zen ezbeharra, Errotatxo plazaren inguruan. Antza denez, bizilagun bat autoa aparkalekutik atera edo sartzeko asmotan zebilela, atzera jo zuen autoarekin, baina ez zuen haur txikia ikusi.
Bertaratutako larrialdi taldeek tokian bertan artatu zuten adingabea, baina azkenean ezin izan zuten ezer egin haren bizia salbatzeko, eta ezbeharra gertatu eta ordubete geroago, Donostiako Udalak haurraren heriotza baieztatu zuen. Udalak jakinarazi zuenez, halaber, Donostiako Udaltzaingoak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko.
Aparkalekuen eremua
Errotatxo plaza Zumalakarregi etorbidearen eta Matia kalearen artean dago kokatua, eta barruko plaza horretara iritsi ahal izateko, ibilgailuak arrapala bidez jaitsi behar dira. Tunel txiki bat zeharkatu ondoren, bertatik oinez ibil daiteke, eta hainbat lokalera egoteaz gain, Matia kaleko bizilagunen aparkaleku pribatuak aurki daitezke.
Patio horretan ohikoa da auto kopuru txiki batek aparkatzea, Errotatxo tabernako terrazaren parean. Tabernak, era berean, hainbat mahai ditu aire zabalean. Beraz, larunbatekoa bezalako eguraldi ona egiten duen asteburuetan jendez gainezka egoten den gunea da, eta ohikoa da adingabe asko inguruan jolasean ikustea.