Lehenengo urteurrena ospatuko du Egiako Zentro Sozialistak

Donostiako Zentro Sozialistak urte bat beteko du hilabete honetan, eta, aurreneko urteurrena ospatzeko, hainbat ekimen antolatu ditu hurrengo asterako Donostiako Kontseilu Sozialistak. Apirilaren 18an, ostegunez, Ekida Arte Ekimen Sozialistaren azken antzezlana eskainiko dute zentroan: Plaza hau gurea da. 20:00etan izango da emanaldia, eta, horren ostean, jaialdi bat egingo dute bertan.
Apirilaren 20an, larunbatez, Zentro Sozialistaren urteurrena ospatzen jarraituko dute arratsaldetik. 19:00etatik aurrera girotuko du iluntzea D’Jeiks musika jartzaileak, eta brindis bat egingo dute 20:45ean. Horren ondoren, 21:00etan hasita, afari bat izango da. Izena eman behar da aldez aurretik, Urka tabernara bertaratuta edota Donostiako Kontseilu Sozialistaren sare sozialetara mezu bat bidalita.
Apirilean, urtebete
Donostiako Kontseilu Sozialistak 2023ko apirilean jakinarazi zuen Zentro Sozialista bat ireki zuela Egia auzoan, eta espazio hori “klase independentzia ardatz duen”estrategia aurrera eramateko erabiliko zuela, hala nola, langileria antola dadin.
Sukia enpresak zentroa husteko prozedura judiziala jarri zuen martxan, eta horri loturiko bista zegoen abenduaren hasieran. Ordea, mugimendu sozialistak akordioa lortu zuen eraikuntza enpresarekin eta azaldu zutenez, “hainbat urtetarako bertan gauzatzen den jardunarekin jarraitzeko bermeak” lortu zituzten.