Sara Alonsok Skyrunner World Series zirkuituko bigarren proba irabazi du

Larunbatean jokatu zen Calamorro lasterketa Benalmadenan (Malaga, Espainia), eta Sara Alonso korrikalari donostiarra izan zen azkarrena. Skyrunner World Series zirkuituko bigarren proban maila onean aritu zen Alonso. 27,5 kilometro eta 2.270 metroko goranzko desnibela 2:59:08 denboran egitea lortu zuen. Are gehiago, errekor berria ezarri zuen donostiarrak –duela bi urte berak ezarritakoa, hain zuzen ere–.
Lasterketa lehiatua izan zen, eta Alonsok bigarren zatian lortu zuen helmugarako bidea bakarrik egitea. Hain zuzen ere, Julia Font katalanari aurrea hartu behar izan zion. Naiz atariak Alonsoren hitzak jaso zituen lasterketa bukatzerakoan: “Fonti esker errekor berriarekin egin naiz; katalanarekin lehia oso estua izan dut. Une jakin batean, batez ere aurreratu nauenean, garaipena urrun ikusi dut. Baina dena eman eta lehena izan naiz. Lasterketa bat irabazteko inoiz egin dudan probarik lehiakorrena izan da”.