Sei donostiarrek parte hartuko dute Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean

Udazkenean izango da aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Aurretik, ordea, Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea jokatuko da. Apirilaren 25ean hasiko da eta ekainaren 2a bitartean hogei saio egingo dituzte, bi itzulitan. Donostian ez da saiorik jokatuko.
74 bertsolari ariko dira kantuan, eta horietatik sei dira donostiarrak: Andoitz Urdapilleta Gurrutxaga, Asier Ibarguren Amondarain, Jon Altuna Arteaga, Izarne Zelaia Arratibel, Manex Mujika Amunarriz eta Peru Aiartza Cajaraville. Bigarren itzulirako 48 sailkatuko dira. Aldiz, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan aritzeko aukera 34 bertsolarik lortuko dute.
50 urte
Aurten urteurren garrantzitsu batek are garrantzia handiagoa emango dio udaberriko faseari. 50 urte dira Gipuzkoako lehen bertso eskola sortu zela. Ildo horretatik diseinatu dute aurtengo irudia eta mezua. Zehazki, Unai Gaztelumendi bertsolari eta artista donostiarra arduratu da horretaz. Hark sorturiko irudiak bertso eskoletako lehen belaunaldi inguruko irudiak ditu, behean Uztapide duela. Zuri-beltzeko argazki horretatik gaur eguneko bertso unibertsora heltzeko ezinbesteko pausoa izan dira berts -eskolak, eta horixe irudikatu nahi du, hain zuzen ere, Gaztelumendiren irudiak.