Zurriolako Tintin kluba ere itxi egingo dute

Ondarretakoa izan zen agurtzen lehena, baina albistea jaso eta ordu batzuetara jakinarazi zuten Zurriolakoek ere aurten ez zutela igerilekurik ezarriko. Donostiako hareatzak uda parteko igeriketa eskola nagusirik gabe gelditu dira egun batzuen buruan, eta itxieraren ostea, ziurgabe jarraitzen du halako instalazioen etorkizunak hirian. El Diario Vasco egunkariak jaso duenez, Zurriolako lan taldea “nekatuta” dago, eta horri gastuen gorakada eta belaunaldi errelebo falta gehitu behar izan dizkiote azken urteotan.
Orain, Ondarretan bezala, Donostiako Udalak lehiaketara aterako du berriro emakida. Nolanahi ere, ez dirudi halako instalazioek jarraipenik izateko aukera handirik dutenik hirian. Vocento taldeko egunkariak baieztatu duenez, instalazioen itxiera zehaztu aurretik, Zurriolako Tintin kluba Donostiako eta Gipuzkoako beste kirol elkarteekin jarri da harremanetan. Kudeaketaren jarraipena eskaini izan diete; ez dute, baina, baiezkorik lortu.
Gainerako elkarteak ez ezik, bertako langileek ere ezezkoa eman diote lekukoa hartzeari. Kanpora jo aurretik, monitore gazteei pasatzea izan zen klubeko zuzendaritzaren lehen asmoa. Dena dela, “ez dute lau urterako konpromisorik hartu nahi izan”, azaldu dio Ana Borrezo Konportako kudeatzaileak Vocento taldeko egunkariari. Nolanahi ere, eskaintza ugaria dela baieztatuta, erreleboa hartuko duen norbait topatzea espero dute.