189.093 biztanle ditu Donostiak, hiriaren historiako kopururik handiena
189.093 biztanlerekin amaitu zuen Donostiak 2023a, hau da, iaz baino 350 biztanle gehiagorekin (%0,18 gehiago). Hiriak historian izan duen biztanle kopuru handiena da, Eneko Goiak datu demografikoen aurkezpenean azaldu duenez. Azken urteetako joerari jarraituz, hirian emakume gehiago dago gizonezkoak baino. Biztanleen %52,7 emakumezkoak dira, eta %47,3 gizonezkoak. Gainera, biztanle kopuruak bezala, batez besteko adinak ere gora egin du, eta 47 urtekoa da (iaz baino urtebete gehiago).
Amara Berri da biztanle gehien izaten jarraitzen duen auzoa, 30.192 biztanlerekin (%16). Jarraian, Erdialdea (22.264) eta Altza (20.484) daude. Hiru auzo horiei Gros (17.943) batuta, biztanleen %48 zenbatzen dute. Bestalde, Zubieta da biztanle gutxien dituen auzoa, 314 (%0,2).
Aiete (+186) da 2023an gehien hazi den auzoa, eta jarraian, Intxaurrondo (+174), Altza (+142), Erdialdea (+123) eta Añorga (+117) daude. Bestalde, Amara Berri (-283), Gros (-126), Antigua (-30), Ategorrieta-Ulia (-28), Ibaeta (-20), Miramon-Zorroaga (-16) eta Mirakruz-Bidebieta (-3) dira biztanleak galdu dituzten auzoak.
“Atzerritarrek ahalbidetzen dute hiriko biztanleria kopurua haztea”
Nazionalitate atzerritarra duten 19.316 pertsona bizi dira Donostian, 2022an baino %5,92 gehiago (+1.080). Hortaz, atzerritarrak hiriko biztanleen %10,2 dira (2022an %9,7 ziren), eta 135 herrialdetatik etorri dira. Hondurasek jarraitzen du atzerritar kopuru handiena izaten (2.514 biztanle). Jarraian Nikaragua (1.975) eta Kolonbia (1.761) daude. Kolonbiak hirugarren postuan jarraitzen du eta Marokok, aldiz, laugarrenean (1.346).
Nazionalitate atzerritarreko pertsonen datua emateaz gain, beste datu bat ere nabarmendu du Goiak: “Begiratzen badugu Donostian bizi diren zenbat pertsona jaio ziren atzerrian, zenbakia nabarmen handiagoa da, 28.139 pertsona direlako. Horrek esan nahi du 19.316 pertsona horiek nazionalitate atzerritarra mantentzen dutela, eta gainerakoak atzerrian jaio zirela eta hemengo nazionalitatea eskuratzen joan direla. Uste dut oso datu esanguratsua dela, horrek ahalbidetzen baitu hiriko biztanleria kopurua haztea”.
“Zahartze indizeak gora egiten jarraitzen du”
Jaiotze tasak 0,11 egin du gora, eta 5,69koa da (2022an 5,58koa izan zen). Igeldok izan zuen tasarik altuena (9,02), eta jarraian Añorga (7,63). Aldiz, Martutene da tasarik baxuena duena (2,20).
Zahartze indizeak ere gora jarraitzen du eta 210,5koa da, hau da, iaz baino 6,8 puntu gehiago. Ondorioz, hirian 65 urtetik gorako 2,1 pertsona daude 15 urteko pertsona bakoitzeko. Gros eta Erdialdea dira zahartze indize handiena dutenak, 65 urtetik gorako 3,13 eta 3,03 pertsona daude 15 urteko pertsona bakoitzeko; eta Loiola eta Aiete dira auzorik gazteenak, 65 urtetik gorako 1,29 eta 1,38 pertsonekin 15 urteko pertsona bakoitzeko.
2023an, 1.079 haur jaio dira hirian, baina 2.020 pertsona hil dira. Hortaz, saldo begetatiboa (jaiotzak ken heriotzak) -941 pertsonakoa da. “Hazkunde begetatiboa negatiboa izanik, atzerriko jendea etorriko ez balitz, biztanleak galduko genituzke argi eta garbi”, nabarmendu du Goiak. “Normalean, biztanle gehien galtzen dituzten auzoak zaharkituenak izaten dira, hau da, populazio zaharkituena duten auzoak. Izan ere, etxebizitza bakoitzean gero eta pertsona gutxiago bizi dira auzo horietan. Aldiz, populazioa igotzen den auzoak dira promozio berriak dauzkatenak, Aieteren, Loiolaren, Altzaren eta Intxaurrondoren kasuan bezala. Salbuespen bakarra dago, Erdialdea. Goraka egiten jarraitzen du, eta badaude faktore batzuk. Bat San Bartolome izan daiteke, baina etxebizitzak banatzeak ere ekartzen du datu hori”, azaldu du alkateak.
Ehunekoei erreparatuta, donostiarren %25,7k 65 urte baino gehiago dute, %7,8k 80 urte baino gehiago, eta 116 pertsonak 100 urte baino gehiago dituzte. 2023ko abenduaren 31n hiriko pertsona helduenak 112 urte zituen.