Igandean egingo dute Igeldoko Tokiko Erakunde Txikiari buruzko kontsulta
Donostiako Udalak Igeldoko Toki Erakunde Txikiaren sorrerari buruzko kontsulta egingo die igeldotarrei igande honetan, Itsas Aurre eraikinean (Igeldoko plaza, 4). Bozketa 09:00etatik 20:00etara izango da, eta Toki Erakunde Txikiak hartuko duen mugaketaren barruan erroldatuta dauden 16 urtetik gorako pertsona guztiak daude bozkatzera deituta, hau da, Igeldok dituen 1.067 biztanleetatik 984.
Honako galderari erantzun beharko diote: Ados al zaude Igeldoko Toki Entitate Txikia sortzearekin?. Erantzun posibleak BAI edo EZ izango dira, eta ezarritako hautetsontzian gutun-azal itxi baten barruan sartuko den boto-paper batean adieraziko dira. Emandako botoan erantzunik ematen ez bada, boto zuritzat hartuko da.
Eneko Goia alkateak azaldu duenez, erantzuna baiezkoa bada, Gipuzkoako Foru Aldundira eramango dituzte emaitzak, Toki Erakunde Txikiaren sorrerarekin hasteko. “Ezezkoa bada, udalak erabaki beharko luke zein pauso eman”, adierazi du.
Boto aurreratua
Kontsultaren egunean joaterik ez dutenek boto aurreratua eman ahal izango dute apirilaren 8tik 12ra bitartean, Herritarren Partaidetzako Zerbitzuan hitzordua eskatuta (943-48 13 56 zenbakira deituz edo udala_partaidetza@donostia.eus helbidera idatziz). Hitzordua hartu ondoren, Easo kaleko 43-1 zenbakira joan beharko dute.
Bi kasuetan, botoa aurrez aurre emango da (NANa, pasaportea argazkiarekin, AIZ edo gidabaimena argazkiarekin aurkeztuta), eta ezin izango da botoa eskuordetu.