Maiatzean iritsiko da Laburbira Altzara
Maiatzaren 8an eta 10ean eskainiko dituzte film laburrak Herrera Kultur Etxean.
Ostiralean, hilak 12, abiatuko du ibilbidea aurten Laburbirak, euskarazko film laburren zirkuitu ibiltariak. Ohi bezala, herriz herri igaroko da eta zortzi film laburrez osatutako produkzioa eskainiko du geldiune bakoitzean. Aurten, Bergaran hasiko dira emanaldiekin Euskal Herriko 35 udalerritatik igaroko dira; tartean, Donostiatik maiatzaren 8an 10ean. Bizarrain Euskara Elkarteak antolatuta, Altzako Herrera Kultur Etxean eskainiko dituzte film laburrak, arratsaldeko zazpietatik aurrera.
Bilduma osatzen duten film labur guztiak iazkoak dira, eta berrikuntza gisa, antolakuntzak jakinarazi duenez, aurtengo edizioan ikusleek film labur onena hautatzeko aukera ere izango dute. Film laburrak hurrengo hauek izango dira: Guillermo Ordasek zuzendutako Katalinaren zoria, Ander Iruretagoienaren Babesa, Jone Arriolaren Dena asmatuta dago, Amaia Lejarretaren Erron, Ane Cuestaren Zirrar, Mikel Alvarezen Mundu berri bat, Ilune Diaz eta Jordi Nuet zuzendarien Talkak, eta Kim Maitenyren Betizu buru.