Realaren eta Bartzelonaren arteko kopako finala Zaragozan jokatuko da
Maiatzaren 18an izango da Espainiako Kopako finala, eta Realak badaki non jokatuko duen. Zaragozako Romareda futbol zelaian izango da, 19:00etan, eta txuri-urdinek Bartzelona indartsua izango dute aurrez aurre. Espainiako Federazioari kostatu zaio futbol zelaia zehaztea, eta, azkenik, gaur iragarri dute. Romaredak 30.000 zale hartzeko edukiera du. Orain arte bi final jokatu dira han, eta 1991koa Añorgak irabazi zuen.
Martxoaren 13an sailkatu zen Reala finalera Atletico Madril kanporatuta. Joanekoan 1-1 berdindu ondoren, itzulerakoan etxeko lanak ondo baino hobeto egin zituzten. Txuri-urdinek partida ona egin zuten defentsan eta erasoan, eta madrildarrak 2-1 menderatu zituzten. Franssik eta Jensenek egin zituzten golak. Anoetan 15.000 realzaleren babesa izan zuten, eta haiekin ospatu ahal izan zuten historiako bigarren finalera sailkatu izanaren balentria.