2024ko Adarra Saria Errobirentzat
Ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, kontzertua emango dute Viktoria Eugenia antzokian.
Anje Duhaldek eta Mixel Ducauk sortutako Errobi taldeak jasoko du aurtengo Adarra Saria. 50 urte beteko ditu aurten talde lapurtarrak. Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak banatzen duten hamaikagarrena da. Saria ekainaren 21ean jasoko dute Viktoria Eugenia antzokian, eta egun horretan bertan kontzertua emango dute, 19:30ean. Sarrerak bihar jarriko dira salgai 20 euroan.
Sariaren aholku batzordeak aukeratu du Errobi, eta erabakiaren inguruko arrazoiak eman ditu Esther Fernandino Donostiako Kulturako teknikari eta batzordekideak: “Erabakigarria izan zen rock progresiboa eta psikodelia Euskal Musikan barneratzeko. 1973tik 1985era arte, Anje Duhalde eta Mixel Ducau buru zituen laukotea euskal musikaren abangoardian jarri zen, eta Euskal Herrian goraipamen gehien jasotako diskoetako bat ekoitzi zuen: Ametsaren Bidea. Zubi bat eraiki zuten belaunaldien artean, eta sortu zituzten abestietako asko gehitu dira herri ondarean”.
Duhaldek eta Ducauk ere hitza hartu dute eskerrak emateko. “Ohore handiz eta atseginez hartzen dugu saria. Duela mende erdi hasi eta hazi genuen lana saritzen du. Gure aurretik Laboa eta Lertxundi izan dira sarituak, hor tartean sartzea zinez atsegingarria da”, adierazi du Duhaldek. Era berean, “esker berezi bat” aipatu nahi izan du: “Sari hau, oker ez banago, Juan Karlos Izagirreren agintaldian abian jarri zen, eta eskerrak eman nahi dizkiot berari. Biba zuek, biba musika eta gora euskara”. Ducauk, berriz, hauxe gaineratu du: “Nire bizitzak ez dut inoiz saririk ukan, baina pozik naiz gaur egun horrelako luxuzko sari bat izateaz”.
Bigarren kontzertua
50. urteurrena ospatzeko kontzertu bat iragarri zuten maiatzaren 4an Bilboko Euskalduna Jauregian. Ordea, bigarren bat ere emango dute Adarra Saria jasotzeko. Esan moduan, ekainaren 21ean izango da, eta euren disko guztietako piezak jasoko dituztela aurreratu dute Duhaldek eta Ducauk. Txomin Duhalde (bateria), Remi Gachis (gitarra) eta Iñigo Telletxea (baxua) musikariak izango dituzte alboan.
“Lan guztiak oinarri hartuta prestatu dugu errepertorioa. Kantu gehienak egingo ditugu. Lehen egiten genuen antzera, baina eguneratuta teknikoki eta soinu aldetik. Hobetua izango da, eta ez hozkailutik ateratakoa”, azaldu du Duhaldek. “Gurekin izango diren musikariek ekarriko dute beraien gaitasuna eta gaztetasuna. Musikalki indartsua izango da. Entsegu batzuk egin ditugu eta pozik gaude. Martxan da istorioa”, gaineratu du Ducauk.
Errobiren diskografia Badok atarian entzun dezakezue.