Donostia eraldatzeko ideia berritzaileak eta jasangarriak dituzten gazteen bila dabil udala
Hiria eraldatzeko egitasmo berritzaileak eta jasangarriak dituzten gazteen bila dabil udala, Donostia Sustapenak eta Urban Future erakundeak sustatzen duten Young Leaders San Sebastian programaren bidez. Interesa dutenek klima aldaketara egokitzeko, hiri jasangarriak eraikitzeko eta eraldatze prozesuetan alderdi sozialak garatzeko hiri erronka bat identifikatu beharko dute, eta hirian eragin positiboa duten irtenbideak proposatu.
Horrez gain, proiektuan hautatutako bi gazteek parte hartuko dute, gastu guztiak ordainduta, Rotterdamen (Holanda), ekainaren 4tik 7ra bitartean egingo den Urban Future biltzarreko Young Leaders Programme ekitaldian. Europako topaketa horrek urtean 2.000tik gora parte hartzaile biltzen ditu eta Nola hobe ditzakegu gure hiriak? galderaren ingurukoa da.
Programan parte hartzeko betekizunak honako hauek dira: 30 urte baino gutxiago izatea, unibertsitate ikasketak edo Lanbide Heziketako goi mailako zikloa egiten ari izatea edo bukatu izana, Donostian jaiotakoa izatea, ikasi izana edo erroldatuta egotea eta C1 ingeles maila izatea.
Programari buruzko informazio osoa Donostia Sustapenaren webgunean eskura daiteke, eta izena emateko epea datorren apirilaren 19ra arte egongo da irekita. “Programa honen bidez, Donostiako Sustapenak izaera ekintzailea eta hiriarekiko konpromisoa duten tokiko gazteen garapen profesionala eta pertsonala bultzatu nahi du”, azaldu dute.