Donostiako itsas eremuan jokatuko da 420 klaseko Espainiako Bela Kopa
Donostiako Erreal Klub Nautikoak antolatutako 420 klaseko Espainiako Bela Kopa egingo dute apirilaren 25etik 28ra bitarte. Oraingoz 60 belaontzi baino gehiago daude inskribatuta, eta 70 espero dira. Guztira, 22 klubeko 140 estropadalarik hartuko dute parte. Haien artean, Pol Mateu eta Alejandro de Maqua izango ditugu, 420 klaseko kategoria absolutuko egungo munduko txapeldunak.
Espainiako Kopa proba erabakigarria da, bertatik aterako baitira uztailaren 13tik 24ra bitarte Lago di Gardan (Italia) egingo den 420 klaseko Munduko Koparako, uztailaren 1etik 9ra bitarte Portorosen (Eslovenia) egingo den Europako Koparako eta uztailaren 21etik 28ra bitarte Tesalonikan (Grezia) egingo den Gazteen Europako Koparako hautatu beharreko nabigatzaileak.
Kopak lau kategoria desberdineko parte hartzaileak bilduko ditu: Absolutua (gizonezkoak, emakumezkoak eta mistoa), 19 urtez azpiko Gazteak (gizonezkoak/mistoa eta emakumezkoak), 17 urtez azpiko Gazteak (gizonezkoak/mistoa eta emakumezkoak) eta 15 urtez azpiko Haurrak (gizonezkoak/mistoa eta emakumezkoak). Toki-mailan, Donostiako Erreal Klub Nautikoak lau tripulazioren parte-hartzea berretsi du. 17 urtez azpikoen kategorian, hiru tripulaziok parte hartuko dute. Haietako bi emakumezkoenak izango dira (Nora Acha eta Ane Madina batetik, eta Sara Azpiroz eta Sofía López de Silares bestetik), eta hirugarrena gizonezkoena, Josu Zabalzak eta Iñigo Elías Sanchok osatua. 15 urtez azpiko haurren kategorian, June Zurdo eta Siri Etxetxikia arituko dira.
Era berean, Euskadiko beste hiru klubek hartuko dute parte: Hondarribiko Klub Nautikoak, Gasteizko Klub Nautikoak eta Abra Itsas Kirol Erreal Klubak – Sporting Erreal Klubak. Estatutik, tripulazio gehien inskribatu dituzten klubak honako hauek dira: Club Náutico El Balís (Bartzelona), Real Club Náutico de Gran Canaria, Real Club Náutico de La Coruña eta Real Club Náutico de Arrecife (Lanzarote).
Herritarrentzat irekia
Kopari lotuta, herritarrentzat irekita egongo diren solasaldi, proiekzio eta jardueren programa zabal bat jarriko da abian aurreko asteburuan. Apirilaren 18an eta 19an, jendearentzat irekita egongo diren hainbat elkarrizketa programatu dira. Apirilaren 18ko 18:30ean, Donostiako Aquariumean, “Itsasoa eta kirola, terapia eta inklusioa” elkarrizketa antolatu da. Parte hartuko dutenak Rosa Mª Iglesias Berasategui (ASPACE Gipuzkoako presidentea), Alicia Figueroa (Gipuzkoako Kirol Egokituen Federaziokoa) eta Borja Ganzarain (Salto Wecosystems-ekoa) izango dira, eta moderatzailea, berriz, Donostiako Erreal Klub Nautikoako zuzendaria Marta Lizarraga izango da.