'Jesus Gallego eta gazteak' erakusketa ikusgai dago D'Museoan
Jesus Gallego eta gazteak erakusketa ireki du Donostiako Elizbarrutiko D’Museoak, eta ekainaren 2ra arte egongo da ikusgai. Jesus Gallego (Valladolid, Espainia, 1919–Donostia, 2004) margolari eta irakasle garrantzitsua izan zen, eta, hain zuzen ere, “gaztediaren zati baten bazterreko mundua islatzen du” erakusketak, museoak azaldu duenez: “Mundu hori ikusten zuen Jesus Gallegok Gipuzkoako Artisten Elkartean eskolak ematetik ateratzen zenean. Bere artelanetan mundu hori islatu, eta ahal zuen neurrian lagundu zuen”. Gallegoren hogei lan daude ikusgai museoan.
Gallego bere garaiko gizarte errealitatearen margolari naturalista, sentibera eta kronista izan zen: paisaiak, gazteak, mendekotasunak adieraziz eta espresionista abstraktu eta sinbolista izanik.
Donostiako Arte eta Lanbide Eskolan ikasi zuen Ascensio Martiarena, Vicente Cobreros eta Ignacio Guardamino pintoreekin, eta bera aritu zen gero irakasle lanetan, Arte eta Lanbide Eskolan bost urtez eta Gipuzkoako Artisten Elkartean 1960tik 2000ra.
D’Museoak hiru etapa bereizten ditu Gallegoren ibilbide artistikoan: “Hastapenak, Errealismo Sozialetik hurbil dauden errepertorioak (1945-1960); Tanteoak eta esperientziak, errepertorio abstraktuak (1960-1980) eta Heldutasuna eta obra osoa. Hainbat sari jaso zituen Gallegok bere ibilbidean zehar: Artista Berrien Lehiaketakoa (1949), Gipuzkoako Ateneokoa (1949) eta Euskal Herriko Lehiaketakoa (1973), besteak beste. Halaber, hainbat erakusketa egin zituen Donostian, Bilbon, Zaragozan, Madrilen, Baionan, Bartzelonan, Wiesbadenen, Mexikon eta bere lana Espainiako Estatuko, New Yorkeko, Italiako, Alemaniako, Frantziako eta Venezuelako museoetan eduki izan zuen ikusgai.