Amara eta Erdialdeko elkarteek San Bartolomeko lanak bertan behera utz ditzatela eskatu dute
Amara Bai, Dendartean eta Erdian Bizi elkarteek idatzi bat aurkeztu dute Donostiako Udaleko erregistro orokorrean, San Bartolome muinoko merkataritza gunea eraikitzeko lanak berehala gelditu ditzaten eskatzeko. Elkarteek gogorarazi dutenez, iragan irailean Dendartean elkarteak salaketa bat aurkeztu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegian, eta oraindik ez dute hura ebatzi:”Ebazpen judizial baten zain dagoenez (…) gure eginbeharra da udalak eta San Bartolome Muinoa sozietateak hirigintza jarduerak geldiaraz ditzaten eskatzea”.
Salaketa jarri dutenen aburuz, proiektuak Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarekin bat egiten duen jakitea zaila da.”Legezkotasunari buruzko zalantza oinarrituak dakartza” diote, besteak este, hamar solairuko merkataritza gune bat ezarriko dutelako aparkaleku handi batekin, Isuri Gutxiko Eremua batean. Elkarteek diotenez, halaber, proiektua eraikitzeko lanak oso konplexuak izango dira eta eragin handiak izango ditu inguruan, “egungo parkearen eta berdeguneen kalitatea kaltetzen”.
Gauzak horrela, lanak bertan behera uzteko eskatzeaz gain, obren aurrekontuak eta horien inguruko erabakiak gardentasunaz azaldu ditzatela erreklamatu diote udalari. Era berean, lanen epeak eta horien eraginak nondik norakoak izango diren zehaztuko dituen plan bat aldarrikatu dute: “San Bartolome muinoaren inguruko kaleetan bizi direnentzat eta metroaren obrak aspaldidanik pairatzen dituztenentzat, merkataritza guneari buruzko desinformazioa eta ziurgabetasuna bidegabekeria larria dira”.