Sendabelarrei eta espeziei buruzko ikastaroa egingo dute apirilaren 18an eta 25ean
Baratze ikastaro bat antolatu du Cristina Enea fundazioak apirilaren 18an eta 25ean, ezagutzak transmititzeko eta praktikan jartzeko. Hazteko leku askorik behar ez duten eta aldi berean sukaldaritza erabilera duten espezieak eta landare barietateak aztertuko dituzte Intxaurrondo Kultur Etxean, hala nola espeziak, landare aromatikoak eta beste landare batzuk. Xomorro taldeko Itsasne Mendiberri izango da ikastaroen arduraduna, eta saioen helburua izango da “balkoietan landatu eta erein daitezkeen landareen inguruan hitz egitea”.
Sukaldean erabil daitezkeen landareen inguruan jardungo dute parte hartzaileek, bakoitzaren berezitasunak eta erabilerak ezagutuz. Esaterako espeziak, perrexila edota albaka ezagutuko dituzte, eta mintzagai izango dituzte, baita ere, balkoian landa daitezkeen sendabelarrak eta landare usaintsuak edo lurrintsuak ere, esaterako mihilua, erromeroa eta izpilikua, bai eta baratze arruntetan ateratzen diren barazkiak ere.
“Azken finean, landare mota ezberdin asko dugu inguruan, bakoitza bere behar eta berezitasunekin, eta balkoi batean edota lursail txiki batean erraz aterako zaigu bata ez bada bestea; saiatzea da kontua”, azaldu du Mendiberrik, eta gogoratu du saioan parte hartuko dutenen artean landaretxoak banatuko direla, nork bere etxeko balkoia martxan jar dezan.
Saioak gaztelaniaz egingo dira, 17:00etatik 19:00etara, eta izen ematea esteka honetan egin daiteke.