Txantreako Jaki Toki egitasmoarekin topaketa antolatu dute Egian
Ostiralean, Guztiontzako Egia Auzotar Sareak antolatuta, topaketa egingo dute Iruñeko Txantrea auzoko Jaki Toki egitasmoarekin. “Donostiarako, eta bereziki Egia auzorako, eredu” den proiektua dela azaldu dute, eta horregatik, hiriko hainbat eragile antirrazista eta solidariok parte hartuko dute topaketan.
Jakitoki, duela hiru urte sortu zen Txantrean, auzoan egoera zaurgarrian zeuden bizilagunentzat elikagai banku solidarioa sortzeko. Honela, “auzokideen arteko antolakuntza eta elkartasunetik”, jatorri anitzeko bizilagunez osatutako asanblada sortu dute, auzoko eragile garrantzitsuenetako batean bihurtuz.
Guztiontzako Egiak nabarmendu duenez, “elkarlaguntza eta elkartasun proiektu berriak martxan jartzeko inspirazioa izan daiteke egitasmo hau, aurrera begira auzoan ditugun beharrei aurre egin ahal izateko”. Ondoko lehentasunak aipatu dituzte: migranteekin batera antolatzearen beharra nabarmendu dute, baita ere, elkarlaguntza sarearen norabidean, auzokide guztien segurtasunaz hitz egitea –”batez ere egoera zaurgarrienean dauden horien segurtasuna”–, Poliziaren indarkeriari aurre eginez.
Topaketa, ostiralean, hilak 12 izango da, 20:00etan Egiako Arrano elkartean. Jatekoa eta edatekoa egongo dela ziurtatuko dute.