Txomiñeneko Kristobaldegi komentua itxiko dute
Txomiñeneko Kristobaldegi komentu historikoak atea itxiko du behin betiko, 158 urtez funtzionamenduan egon ostean. Noticias de Gipuzkoa hedabideak eman du albistea, eta azaldu duenez, sei moja baino ez dira gelditzen komentuan, eta seiak oso adinduak dira. Frantziskotar kontzepzionista oinutsen kongregazio erlijiosoarena da komentua, eta salgai jartzea erabaki du, sei mojak beste zentro batzuetara lekualdatuta.
Horrela, mojetako batzuk kongregazioak Lizarran (Nafarroa) duen beste zentro erlijioso batera joango dira hurrengo astean bertan. Besteak, aldiz, Peñaranda de Duero herriko (Gaztela eta Leon, Espainia) beste zentro erlijioso batera joango dira, aurrerago. Fernando Prado gotzainak komentua agurtzeko meza bat emango du igandean, 12:00etan, komentuaren eraikin berriko kaperan.
1860an eraiki zuten komentua eta 1866an inauguratu zuten; 2014an, komentuaren zati bat bota eta eraikin berri bat jarri zuten, Urumearen ibarrean uholdeei aurre egiteko neurrien barruan. Komentuak 40 moja izan zituen bere garairik onenetan, eta neskentzako eskola txiki bat ere eduki zuen, 1966ra arte. Alicia Lamikiz 93 urteko gernikarra da egungo abadesa, eta 1950tik dago komentuan.