Auzitegi Nagusiak Donostia Ospitaleko garbitzaileen greba eskubidea urratu zela berretsi du
ELAk greba deitu behar zuela jakinda, enpresak oporrak hartzera derrigortu zituen langileak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman die beste behin ere Donostia Ospitaleko garbitzaileei, grebarako eskubidea urratu zitzaiela baieztatu baitu berriki. Donostiako Epaitegiak ere hala ebatzi zuen aurretik, ELAk greba deitu behar zuela jakinda, enpresak oporrak hartzera derrigortu baitzituen langileak.
ELAk ohar bidez gogorarazi duenez, Optimako langileek dira langile horiek eta ekainerako eta uztailerako aurreikusia zuten oporraldia. Iazko uztailean egindako greba deialdian, baina, langileek greba eskubidea baliatzen jarraitzeko borondatea adierazi zioten enpresari, eta opor horiek, greba egunak amaitu ondoren zehaztu beharko liratekeela. Sindikatuak adierazi duenez, baina, “enpresak aldebakarrez erabaki zuen oporrak egun horietan ezartzea, eta, ondorioz, greba eskubidea galarazi zien” langileei.
EAEko Auzitegi nagusiak berretsi du, oporren datak iristean, enpresak langileen kotizazioak eta soldata ordaindu zituenez, greba egiteko eskubidea urratu zuela, eta, hori horrela, “enplegatzailearen aldebakarreko erabakiz”, langileak greban egoteari utzi eta oporretan egotera pasatu zirela. Auzitegiak zehaztu duenez, halaber, jokabide horrek greba egiteko eskubidea “oztopatu” zuen, eta horren ostean zegozkien opor egunak galarazi zizkieten langileei.
Gauzak horrela, ELA sindikatuak 10.000 euroko kalte ordaina jasoko du , greba egiteko eskubidea “urratu” zela iritzi baitu auzitegi nagusiak. Sindikatuak, bere aldetik, “greba klase borrokaren tresna gisa erabiltzen” jarraituko duela iragarri du.